Ekonomia -
Lan-gatazka
Araluceko langileek lantegiaren itxiera gelditzeko eskatu diote Batz taldeari
Beharginek protestekin jarraitzen dute, eta joan den astean ezarritako itxiera patronala "xantaia saiakera argia" dela uste dute, konpainia ixtea ekarri duen bide-orria onar dezaten.
Agentziak | Erredakzioa
Araluceko langileek Igorreko (Bizkaia) lantegiaren itxiera bertan behera uzteko eta lan-karga handitzeko eskatu diote Batz Taldeari, horrek hartutako "erabakiak ez duelako justifikaziorik". Horrela, lantegiak zabalik jarraitzea eskatzen dute, 141 lanpostu kolokan baitaude.
Halaber, Batzek ezarritako ugazaben itxiera salatu du Araluceko lan-batzordeak, eta "zortzi kaputxadun bidali" eta gaueko txandan lanean ari ziren "beharginak kanporatu" egin zituztela gogoratu du. Testuinguru horretan, ordutik ez dietela lantegira sartzen uzten salatu du lan-batzordeak, eta Lan Ikuskaritzaren arabera Araluce ixteko erabakia "legez kanpokoa" dela nabarmendu du.
Horren aurrean, langileek euren lanpostuen alde borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute, konpainiaren likidazioaz arduratzen den administratzaileak horren jarduera eteteko erabakia hartu ostean. Batz Taldeak azaldu duenez, langileek lanuzteak bertan behera utzi eta lanak amaitzeko konpromisoa hartu arte iraungo du behin-behineko itxiera.
Bitartean, langileek enpresaren aurrean protestak egiten jarraitzen dute, eta joan den astean ezarritako itxiera patronala "xantaia saiakera argia" dela uste dute, konpainia ixtera daraman bide-orria onar dezaten, 141 lagun langabezian uzteko.
Sindikatuek, beste irtenbide batzuen artean, itxiera atzeratzea proposatu diote zuzendaritzari, inbertitzaile berriak aurkitzeko edo langileak kooperatibako beste lantegi batzuetan birkokatzeko, baina zuzendaritzak baztertu egin ditu aukera horiek. "Denbora eskatu diogu beste industria-proiektu bat burutzeko, baina Batzek behin eta berriro ukatu digu", deitoratu dute langileek, eta sei astetan ez dela autogintza sektoreko enpresa bat erosten azpimarratu dute.
Mondragon Korporazio Kooperatibako kide den Batz Taldeak duela aste batzuk iragarri zuen Araluce ixteko asmoa. Kooperatibak 2016ko azaroan erosi zuen Araluce, automobilgintzara bideratutako trokelen ekoizpenaren dibisioa handitzeko asmoz.
Orduan, langileek lan-baldintzetan murrizketa handiak onartu zituzten (soldata jaitsierak, lanaldi igoera eta murrizketa sozialak) enpresaren bideragarritasuna bermatzeko, baina Batz Taldearen "konpromisoak ezerezean geratu dira hiru urte geroago", langileek salatu dutenez. Alabaina, ez dutela amore emango ziurtatu dute, eta euren lanpostuen alde azkeneraino borrokatuko direla ohartarazi dute.