Ekonomia -
Villarejo auzia
Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia inputatzeko eskatu dio Fiskaltzak epaileari
Zehazki, Gonzalezi ustezko eroskeria eta sekretuen berri ematea egotzita deklaratzera deitzeko eskatu dio Ministerio Publikoak epaileari idatzi baten bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia Villarejo auzian inputatzeko eskatu du Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak uztailean bankua pertsona juridiko gisa ikertzea erabaki ostean.
Iturri juridikoek baieztatu dutenez, Fiskaltzak BBVAko presidente ohia inputatzea eskatu du, auzi horretako 9. atalean BBVAri irekitako ikerketaren harira. Izan ere, 2004tik bankuak Villarejori ustez egindako kontratuak ageri dira hor, alegia, Sacyr eraikuntza-enpresak banku horren kontrola hartzeko saiakera abiatu zuenetik, azkenean arrakastarik izan ez zuen arren.
Zehazki, Gonzalezi ustezko eroskeria eta sekretuen berri ematea egotzita deklaratzera deitzeko eskatu dio Ministerio Publikoak epaileari, idatzi baten bidez.
Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentraleko titularraren ustez, BBVAren "zuzendaritzak" komisario ohia kontratatzea onartu zuen, informazio eta espioitza lanetarako, haren balizko "ekarpen pertsonala eta enpresariala" ikusita.
Inputatu zutenean, epaileak beharrezkotzat jo zuen zehaztea bankuak delitua saihesteko neurririk hartu zuen edo, aitzitik, "ez ote zuen inolako kontrol mekanismorik ezarri eta bankuak enpresen fede onaren aurkako neurriak erabili ote zituen Villarejo kontratatzeko".
Testuinguru horretan, negozioen inguruko ustelkeria delituari dagokionez, BBVAk Villarejo bere onerako kontratatu zuen edo, banku horretako zuzendaritzako kide batzuen ustezko ustelkeria "herritarrentzat kaltegarritzat" jo daitekeen argitu nahi du epaileak ikerketa horrekin.
Horrela, Gonzalez Tandem auziko 9. atalean ikertutako zuzendari ohien artean dagoen erabaki behar du epaileak; izan ere, hainbat milioi euroko kontratuen truke komisario ohi horren Cenyt enpresak ustez politikari, kazetari, bankari eta enpresaburuen 15.000 dei inguru zelatatu zituen.