Ekonomia -

Lan gatazkaren amaiera

Itunpeko ikastetxeen patronalak, 'gustura' akordioarekin

Hala ere, "sentsazio gazi-gozoa" geratu zaie, Jaurlaritzak ematen dien finantziazioa "gutxiegi" delako, eta hori ez dutelako aldatu. Sindikatuek azpimarratu dute mobilizazioengatik lortu dela.

Itunpeko ikastetxeetako haur eta gurasoak. Argazkia: Efe
Itunpeko ikastetxeetako haur eta gurasoak. Argazkia: Efe
Itunpeko ikastetxeetako haur eta gurasoak. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekimen sozialeko itunpeko hezkuntza sareko patronalak "gustura" agertu dira sindikatuekin lortutako akordioa dela eta, gatazka itxi dutelako, baina sentsazioa "gazi-gozoa" omen da, Jaurlaritzak ematen dien finantziazioa "gutxiegi" delako, eta hori ez dutelako aldatu. Horien iritziz, zentroak ez dira "indartuta" atera akordiotik, "egiturazko finantziazioa berrikusi beharra dagoelako, gutxiegi baita Eusko Jaurlaritzak ematen duen dirua".

Kristau Eskola, AICE, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeak patronaletako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute larunbat goizaldean lortutako akordioaren balorazioa egiteko, eta azaldu dute "negoziazio bizia"ren ostean "lasaitasuna eta egonkortasuna" iritsi dela "zentroetara, eta sarean izena emanda duten 90.000 familietara".

Mikel Ormazabal Kristau Eskolako kideak aitortu du akordioarekin "presioa kendu" dutela, baina ez dela "itunpeko sistemaren arazoa konpondu". Horren harira, itunpeko ikastetxeetako kudeaketa eta jarduera aurrera eramateko "finantziazio falta" salatu du.

"Negoziazio prozesuko okerrena" sindikatuen jarrera izan dela kritikatu du: "Ez dute begiratu, une batean ere, itunpeko sistemaren errealitatea, patronalen kezka handiena itunpeko sistemaren ahuldadea baita".

Ormazabalek gaineratu du "finantza egoera horren ardura eta irtenbidea patronalen, Jaurlaritzaren eta sindikatuen eskuetan" dagoela.

Sindikatuak

Bestalde, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek azpimarratu dute gatazkari amaiera eman dion akordioa "sektoreko langileen mobilizazioagatik eta greba indartzeagatik bakarrik" iritsi dela. Sindikatuek patronalen eta Jaurlaritzaren "negoziazioaren aurkako jarrera itxiari" egotzi diote gatazkaren ardura, "azken unera arte ez dituztelako akordioa ahalbidetu duten edukiak eta proposamenak mahai gaineratu".

ELA da sektorean gehiengoa duen sindikatua, eta horren egoitzan eman dute prentsaurrekoa, Bilbon. UGT eta LAB ez dira bertan egon, akordiotik kanpo geratzea erabaki dutelako.

ELAk, Steilasek eta CCOOk uste dute akordioa ez dela garrantzitsua "ia aldarrikapen guztiak" lortu dituztelako soilik, baizik eta "sektoreko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea aitortu dutelako Jaurlaritzak eta patronalek, gogoz kontra".

Patronalak eta Hezkuntza Saila kritikatu dituzte "lehenago" ez zituztelako aurkeztu adostutako proposamenak. Era berean, ukatu egin dute gatazkak iraun duenean "ikasleen interesak" begiratu ez dituztenik, patronalak leporatzen zienaren aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuen albistea CCOO albisteak Euskal sindikatuak Lan gatazkak gaur