Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
347 lagun, igandera arte, azterketa-eredu berria duen Osakidetzaren LEP batean
Probak Gasteizen egingo dituzte. Guztira, 26 plaza eskaintzen ditu Osakidetzak, ezagutza espezifikoen eta biologiako fakultatibo teknikoen espezialitate medikoetan.
EiTB.EUS
347 lagunek egingo dituzte, gaurtik igandera arte, ezagutza espezifikoen eta biologiako fakultatibo teknikoen espezialitate medikoen hautaketa-prozesuari dagozkion Osakidetzaren azterketak.
Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan egingo dituzte probak. Azterketetan Osakidetzak SATSE, Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin eta UGT sindikatuekin adostutako 12 hobekuntza-neurriak jasoko dira. Arartekoaren gomendioei jarraikiz zehaztu zituzten neurri horiek.
Guztira, 26 plaza eskaintzen dira –22 plaza fakultatibo espezialista medikoaren eta teknikoen 7 espezialitatetan, eta 4 plaza biologiako fakultatibo teknikoenak–, oraindik deitzeko zegoen 2016-2017 LEPeko 13 kategoriaren barruan.
Lehenengo azterketak hasi direnean, Juan Luis Diego Osakidetzaren zuzendari nagusiak kazetariei esan die erronka neurri berriak nola aplikatzen diren ikustea izango dela, eta prozesu guztia normaltasunez joatea espero duela.
Diegok gogorarazi du berrikuntzetako bat tribunalaren aukeraketa dela, zozketa bidez egiten baita. Gainera, hautatuek ez dakite azken unera arte oposizioa egiten ari direnek zein azterketa praktiko egin behar duten.
Zortzi azterketa desberdin omen daude, "erkidegotik kanpoko pertsonek" eginak, eta horien artean bost aukeratzen dira zozketa bidez, eta horiek dira erantzun beharko dituztenak.