Ekonomia -
2020tik aurrera
Kutxabankek 50 bulego irekiko ditu arratsaldeetan, astelehenetik ostegunera
Jendaurreko ordutegia "bezeroekiko harreman hurbila eta zuzena" areagotzeko zabaldu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kutxabankek akordioa lortu du bankuko gehiengo sindikalarekin (CCOO, Pixkanaka eta LAB), besteak beste, finantza-taldeko bulego jakin batzuetako bezeroei arreta emateko orduak luzatzeko, eta, horrenbestez, Estatu osoko bulego nagusiak astelehenetik ostegunera irekiko ditu arratsaldeetan ere.
Ituna 2020ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta txikizkako sareko sukurtsal nagusietako bezeroen arretarako ordutegia zabaltzea aurreikusten du. Praktikan, 50 bulego egongo dira zabalik astelehenetik ostegunera, urritik maiatzera bitartean, Kutxabankek jakitera eman duenez. Hala ere, oraindik ez du zehaztu zeintzuk izango diren zerbitzu hori emango duten bulegoak.
Kutxabankek beste kanalen bidez arreta handitzeko egin duen estrategia osatzen du bulego nagusien ordutegia zabaltzeak, banka mugikorrarekin eta urruneko kudeaketa pertsonalizatuarekin batera, bezeroek gero eta gehiago eskatzen dituzten kanal eta harreman bideak baitira, erosoagoak eta erabilerrazagoak direlako.
Horrela, Kutxabankek bezeroekin gertuko harreman zuzena izateko eredua indartzen jarraitu nahi du, kudeatzaile espezializatuen eskutik laguntzarako eta arreta pertsonalizatua emateko ordutegi zabalagoa eskainita.
Halaber, akordioak jarraibideak ezarri ditu langileen deskonexio digitaleko eskubidea betearazteko, bizitza pertsonala eta lana bateragarriak izan daitezen. Gainera, lanorduak erregistratzeko araudi berria betetzeko irizpideak ere ezarri ditu.