Ekonomia -
Garapen ekonomikoa
Eusko Jaurlaritzak ibilgailuen beste Renove Plan bat abiatuko du 2020an
2020rako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko aurrekontu proiektua aurkeztu du Arantxa Tapiak. Guztira, 862,2 milioi eurokoa da.
Agentziak |Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 58 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean trantsizio energetikoari laguntzeko politiketara, eta horietatik 21 milioi euro enpresa eta partikularrei diru-laguntzak emateko programetara bideratuko ditu, baita ibilgailuen Renove Plan batera ere.
Arantxa Tapia sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du bere sailaren 2020rako aurrekontu proiektua, 862,2 milioi eurokoa, hain zuzen.
Hor sartzen dira Ekonomikoaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 'Finkatuz' funtsari emango dizkion 75 milioi euroak. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak urriaren 29an iragarri zuen bezala, tresna horrek 160 milioi euro izango ditu datorren urtean.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak amaitzeko epeei buruzko aurreikuspenak ere aipatu ditu sailburuak, eta Eusko Jaurlaritzak 95,2 milioi euro bideratuko ditu horietara. Tapiaren esanetan, lortzeko "ahalegin handia" egin beharko da, baina oraindik posible da AHTaren lanak 2023rako amaituta egotea.
Gipuzkoan AHTaren azpiegitura eraikitzeko 2020an egingo diren lanen artean, Atotxako geltoki berriaren lanak abiatzea dago (26,1 milioi euro), eta Hernani eta Astigarraga arteko zatiaren lanak (21,3 milioi euro). Horrez gain, 10,3 milioi euro bideratuko dira larrialdietarako galerien obretara eta 4,3 milioi euro Ezkioko geltokira.