Ekonomia -
Lan gatazka
Hilebeteko greba hasi dute Gipuzkoako erresidentzietan
"Amaiera arte borrokan", hau da, sektoreko lan-baldintzak hobetu arte, jarraitzeko asmoa agertu dute.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek hilabeteko greba hasi dute, ELA sindikatuak deituta, “amaiera arte borrokan” jarraitzeko asmoz, hau da, sektoreko lan-baldintzak hobetu arte protesta egiten segitzeko intentzioarekin.
Txomin Lasa ELAren bozeramaileak patronalei eta Aldundiari gogorarazi die “errebueltak” datozela eta “etorkizunerako aurreikuspenak oso gogorrak” direla, langileek “borrokan” jarraituko dutelako sektorerako lan-hitzarmen berria eskuratu arte eta adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan eskaintzen duten “zerbitzuaren kalitatea hobetu” arte.
Aldundiaren egoitzaren parean, Donostian, ehun bat langilek egin duten elkarretaratzean egin ditu adierazpenok Lasak, sektorean gehiengoa duen sindikatuak abenduaren 11ra arte deitu duen grebaren lehenengo egunean.
ELAren bozeramaileak azpimarratu duenez, grebarekin “mobilizazioak gogortu” nahi dituzte, “oso argi” dutelako ez direla “geldituko” lan-baldintzen aldarrikapenak lortu arte. “Mugimenduak egiten langileon animoak baretu behar dituztela edo borroka geldituko dutela uste badute, jai dute”, azpimarratu du.
Adierazpen horiekin aurreko ostiralean UGTk eta lau patronalek sinatutako “soldaten akordio partziala”ri egin dio erreferentzia. Izan ere, ELAk uste du “Aldundiak sustatutako” akordioa izan zela, langileria “desmobilizatzeko helburu bakarrarekin”.
Lasak berretsi du akordioak ez duela “inolako zilegitasunik”, sinatu duen sindikatuak ez duelako langileen % 10 ere ordezkatzen, eta gogor kritikatu du UGTk orain arte “ezer egin ez” eta orain “borrokan ari diren langileen aurka” egitea.
Bestalde, Lasak gogor kritikatu du Gipuzkoako 2020ko aurrekontu proiektuan foru diputatuen soldaten igoera aurreikustea, eta aldi berean “erresidentzietako langileen baldintzak okertzea, inolako lotsarik gabe”.