Ekonomia -
LAN GATAZKA
Akordioa lortu dute itunpeko ikastetxeetako sindikatuek eta patronalak
Langileek asteon hasitako hilabeteko greba bertan behera geratu da. Besteak beste, soldata igoera adostu dute eta birkokatzeen inguruko akordioa itxi dute. Akordioa 2020ra arte egongo da indarrean.
EITB.EUS
Amaitu da EAEko gizarte ekimeneko itunpeko irakaskuntzan bi urte luze iraun duen lan-gatazka, sindikatuek eta patronalak bart itxi duten akordioarekin. Hala, langileek aste honetan bertan abiatu duten hilabeteko greba deialdia bertan behera geratu da, eta astelehenean normaltasunez emango dituzte eskolak zentro kontzertatuetan. Akordioa 2020ra arte egongo da indarrean.
ELA, CCOO, Steilas eta LABeko ordezkariak eta Kristau Eskola eta Aize-Izei erakundeetako buruak atzo iluntzean berriro elkartu ziren, Bilbon, Iñaki Varas Lan Harremanen Kontseiluko bideratzailearekin eta Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin, eta negoziazio gogor baten ondoren, goizaldean iritsi da akordioa. LABek ez du izenpetu dokumentua.
Besteak beste, datozen lau urteetan soldata KPIa + 4 puntu igotzea adostu dute, eta, horrebestez, langileek hitzarmenik gabe egondako urteetan galdutako erosteko ahalmenaren % 50 berreskuratuko dute, sindikatuen arabera.
2017ko ordainsariak % 1 igotzea adostu dute. 2018koak %1,60 eta 2019koak % 3. 2020koa, berriz, 2019ko KPIa + % 2koa izango da igoera.
Hala, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 105 euroko aldea egongo da 2017tik 2019ra (2.257 eurotik 2.362 eurora igaroz), eta azken urteetako atzerapenak 2020ko abenduaren 31 baino lehen ordaintzeko konpromisoa ere sinatu dute.
DBHko lehenengo mailan, 112 eurokoa izango da aldea (2017ko 2.394 eurotik 2019ko 2.506era igaroz) eta 122 eurokoa DBHko bigarren mailan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.
Negoziazioaren atalik zailenetako bat birkokatzeena izan da, eta hor ere lortu da sindikatuek proposatutakoa: zentroen itxieragatik edo gela murrizketagatik lanik gabe geratuko diren langileak (irakasleak zein bestelakoak) beste eskola batzuetan birkokatuko dituela bermatu du patronalak, eta aurrejubilazioen inguruan ere akordioa lortu dute. Hala, pertsonala birkokatzeko, lan-poltsan eta sektorean duten antzinatasuna izango da kontuan.
Urtero, maiatzaren 31n, soberan dituzten langileen eta behar dituztenen (bakanteak) berri emango diote zentroek birkokatzeak kudeatuko dituen jarraipen batzordeari, eta, hala, zentroan bi urte edo gehiagoko antzinatasuna duten behin-behineko langileak lan-poltsako kideen baldintza berdinetan sartuko dira bakante horiek betetzeko prozeduran.
Era berean, erretiro partziala lortzeko baldintzetara iristen direnean, langileek % 75eko murrizketa eskatu ahal izango dute beren lanaldian, eta %100ean izango den kontratu mugagabea egingo zaio ordezko langileari.
Halaber, bereziki prekarizatutako eta feminizatutako kolektiboentzat, haur eskoletako eta hezkuntza bereziko langileentzat, aurrerapausu handiak lortu dituztela adierazi dute sindikatuek, lan-orduak nabarmen murriztuta.
Hezkuntza Bereziko langileen kasuan, 97 ordutan gutxituko da urteko lanaldia, 1.390 ordutatik 1.293 ordura. Gainera, irakasleen talde profesionalean sartuko dira akordiori esker, eta, hala, beste etapa batzuetan sortzen diren bakanteetan promozionatu ahal izango dira, doan izango dute jangela eta Irale programan parte hartu ahal izango dute.
Haur eskoletako pertsonalaren kasuan ere 45 ordu gutxiago egin behar izango dituzte urtean, hau da, 1.620 ordutik 1.575era jaitsiko dira, eta urtean 125 ordu osagarri aitortuko zaizkie koordinaziorako eta formaziorako.
Gainera, irakasleek gutxienez hiru ordu osagarri izango dituzte eskolak prestatzeko; urtean 40 ordu aitortuko zaizkie aurrez aurrekoak ez diren lanetarako; administrazioko langileek 30 ordu murriztuko dute lanaldia; ustekabeko bajak gutxienez hirugarren egunean ordezkatuko dira; eta Lanbide Heziketako langileen lanaldia arautu da.
Gatazkan parte hartu duten agenteen balorazioak
Miren Zubizarreta ELAko ordezkaria pozik agertu da lortutakoarekin bileratik atera bezain pronto, "sindikatuek mahai gainean jarritako aldarrikapen nagusiak" adostu dituztelako. "Harro" egoteko moduko ituna dela adierazi du, eta azken bi urteotan borrokan aritu diren langileak zoriondu ditu.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendaria ere gustura agertu da hedabideen aurrean, bilera amaitu denean. Haren hitzetan, alde guztiek jarritako borondateari esker iritsi dira adostasunera.
Ormazabalek bideratzailearen "babesa" nabarmendu du eta oso pozik agertu da astelehenean jada eskolak emango direlako, "grebarekin ez baitu inork irabazten".
Ildo beretik mintzatu da Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea ere. Adierazi du astelehenetik aurrera ikasle guztiak normaltasun osoz joan ahal izango direla euren ikastetxeetara, eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du birkokatzeen inguruan egindako proposamenak bere fruituak eman dituela.
Sare sozialen bidez eman du ELA sindikatuak akordioaren albistea, 00:30 inguruan. "Greba amaitzeko akordio batera heldu gara! Langileon asanbladan berretsi behar da. ZORIONAK ZUEN KEMENAGATIK", zioen mezuak.
Gaur goizean, komunikabideetara bidalitako ohar batean "historikotzat" jo dute akordioa, eta ordezkari sindikalek jada berretsi dutela jakinarazi dute.
"Hitzarmen duin bat lortzeko", greba "ezinbestekoa" izan dela adierazi dute. "Hilabete baterako deitutako greba bat hastea ezinbestekoa izan da hitzarmen duin bat lortzeko, ordura arte ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez zuten hitzarmena berritzeko borondaterik", salatu dute.
Azkenean, lortutako akordioak "ondorio posibitiboak" izango dituela guztientzat, baina batez ere "sektore prekarioenentzat" adierazi dute.
Akordioaren gako nagusiak errepasatu ondoren, itunpeko ikastetxeetako langileak zoriondu dituzte "borroka honetan erakutsi duten elkartasun eta eskuzabaltasun itzelagatik". "Euren lan-baldintzak hobetu dituzte eta ikasleen hezkuntza-kalitatea ere nabarmen hobetuko da. Langile eta ikasle guztientzako egun handia da gaurkoa", adierazi dute ohar amaieran.
CCOO sindikatuak ere langileak zoriondu ditu, eta "kalitatezko hezkuntza gaurtik bermatuago" dagoela esan du, "grebari eta akordioari esker". Adostutako lan-baldintzekin itunpeko ikastetxeetako ikasleek eta gurasoek zerbitzu hobeagoa jasoko dutela ziurtatu du sindikatuak.
"Oro har" euren eskari guztiak lortu dituztela adierazi du sindikatuak ohar batean, tartean honakoa: "Soldatak finantzazio publikoari lotuta egotea ezabatu da, eta horixe izan da gatazka honen gakoetako bat hasieratik".
Steilas ere oso pozik agertu da akordioarekin. "Borroka da langileen lan-baldintzak hobetzeko biderik eraginkorrena", adierazi du komunikabideetara igorritako ohar batean.
Steilasek zoriondu egin ditu sektoreko hitzarmen kolektibo berri bat lortzeko mobilizatu diren langile guztiak. Horien "etengabeko borrokak" ahalbidetu baitu "aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen akordioa lortzea". "Akordioa beraiena eta beraientzat da", gaineratu du.
CCOOk bezala, Steilasek azpimarratu du patronalak atzera egin duela ordainsariak finantzaketa publikoarekin lotzeko ahaleginean, eta "azken 10 urteetan galdutako erosteko ahalmenaren zati bat berreskuratzea lortu da".
LAB sindikatuak ez du sinatu gaur goizaldean lortutako akordioa. Batetik, ELAk eta patronalek negoziaketan erabilitako "prozedura" salatu dute, eta, bestetik, Jaurlaritzaren jarrera. "Azken egunotan ELA sindikatuak bakarrik hartu du parte Gobernuarekin eta patronalarekin egindako negoziaketan", adierazi dute, eta, ondorioz, "gainontzeko sindikatuok ez dugu proposamenik jaso azken unera arte, eta ez dugu guztiok elkarrekin biltzeko aukerarik izan".
Jaurlaritzari berriz, "interes elektoralarekin aritzea" leporatu diote. Sindikatu guztiek 2017an birkokatzeei buruzko txostena helarazi zietela gogorarazi dute eta "ez dutela hiru urtean ezer egin, hauteskundeak iritsi diren arte".
Birkokatzeen gaiari buruz, ohartarazi dute negoziaketa "errelebo kontratuaren baldintzak ixtera bakarrik mugatu" dela, "birkokatzeen gaia oro har, eta bakanteen definizioaren zabaltzea negoziatu beharrean", eta errelebo kontratuetan negoziatu diren baldintzak direla eta "irakasleek eskubideak galtzen" dituztela salatu dute.
Dena dela, hurrengo egunetan zehatz mehatz aztertuko dutela akordioa jakinarazi dute, balorazio bat egiteko.
UGT sindikatua ez zen ostiral gaueko bileran izan, akordioa itxi zenean, eta "negoziazioen iluntasuna eta gardentasun falta" salatu du.
Dena dela, hasiera batean, akordioa "positiboa" iruditzen zaiela adierazi dute, baina analisi zehatzagoa egingo dutela bere ordezkariekin, azkenean sinatu ala ez erabakitzeko.
Mobilizazio eta protesta ugari utzi ditu bi urteko lan-gatazka honek. Besteak beste, langileek 28 egunetan egin dute greba, bart patronalak onartutako lan-baldintzen alde.
Guraso-elkarteek uste dute itunpeko enpresaren gatazka lehenago konpon zitekeela, eta LHKaren lana balioetsi dute
Gizarte-ekimeneko itunpeko sareko ikastetxeen guraso-elkarteak pozik agertu dira grebari amaiera ematen dion akordioa lortu izanarekin, baina ohartarazi dute gatazka lehenago amaitu zitekeela alde guztiak negoziatzera eseri izan balira.
Akordio honek "bi urteko prozesu oso luze bati" amaiera eman diola gogorarazi dute eta abenduaren 5era arte luzatzekoa zen greba bertan behera geratu izana poztekoa dela berretsi dute.
Ildo horretan, Lan Harremanen Kontseilutik (LHK) egindako lana nabarmendu dute, "sei egunetan dena konpondu delako". "Espero dugu hau hemen amaitzea eta datozen urteetan greba gehiagorik ez egotea", gehitu dute.