Ekonomia -
Lan-gatazka
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen ordainsaria igotzea adostu du UGTk
ELAk eta CCOOk lotsagarritzat jo dute UGTk patronalarekin sinatutako ituna, "gutxiengoan egin duelako eta lan-gatazkari irtenbidea ematen ez diolako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen "soldatak igotzeko akordio partziala" sinatu dute UGTk eta sektore horretako patronalek.
ELAk lotsagarritzat jo du UGTren jarrera, akordioa aldebakarrez sinatu duelako lau patronalekin; eta CCOOk ohartarazi du itun horrek ez duela lan-gatazka konponduko.
UGTk azaldu duenez, Lan Harremanen Kontseiluan patronalekin sinatu duen akordioak "ez du sektore guztirako lan-hitzarmena lortzeko negoziazioa baldintzatuko, ezta mugatuko ere".
Akordio partziala dela zehaztu du eta itun horri esker beharginek "2017, 2018 eta 2019an galdutako erosahalmena berreskuratuko dute eta 2020an eta 2021an soldata igoerak izango dituzte".
UGTren arabera, soldata igoera % 3,6koa izango da aurten, urtarriletik hasita; eta datozen bi urteetan igoera KPI+0,5ekoa izango da.
ELAk eta CCOOk gogor kritikatu dute UGT
ELAk lotsagarritzat jo du UGTren jarrera, erabaki hori "negoziazio mahaitik kanpo" hartu duelako eta sindikatu horrek "langileen % 10 baino gutxiago" ordezkatzen dituelako.
"Gutxiengoan sinatu du itun hori, 120 greba-egun burutu dituzten langileen mobilizazioaren kontra; sindikatu hori patronalaren interesen mesedetan ari da", salatu du.
CCOOk, berriz, indarra kendu dio akordioari, lan-gatazkari konponbidea ematen ez diolako. Ildo horretan, azaroaren 28rako greba deitu duela jakinarazi du.
ELAk ere protestak hasiko ditu berriro. Hilabeteko greba deitu dute. Lanuzteak datorren astelehenetik abenduaren 11ra bitartean izango dira.