Ekonomia -
Lan-istripua
Langile bat hil da Iruñeko enpresa batean bihotzekoak jota
Benecke Kaliko konpainiako langile-batzordeak behargina nola hil den jakiteko ikerketa bat abiatzea eta ardurak argitzea eskatu du. Astelehenean lanuzteak eta elkarretaratzea egingo dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile bat hil da ostiral honetan Iruñeko Benecke Kaliko enpresan, hango langile-batzordeak (LAB, AITBK, UGT eta ELA) ohar bidez jakinarazi duenez.
LABek azaldu duenez, beharginak 46 urte zituen eta bihotzekoak jota hil da. "Enpresa honetan lan erritmo altuak, presioak eta atsedenerako tarteen urraketak ohikoak dira; heriotza hau prekarietatearen ondorio da", salatu du.
UGTk ohartarazi du lan-istripuen kopuruak goraka egin duela azkenaldian Nafarroan. Halaber, behargin horren heriotza zerk eragin duen jakiteko eta ardurak argitzeko ikerketa zorrotz bat abiaraztea eskatu du.
Enpresa-batzordeak lanuzteak eta elkarretaratzea deitu ditu datorren astelehenerako, lan-istripua salatzeko. Lanuzteak bi ordukoak izango dira eta txanda guztietan egingo dituzte. Bilkura, berriz, 13:00etan egingo dute, lantegiaren aurrean.