Ekonomia -

Greba itunpeko hezkuntzan

Itunpekoetako sindikatuak: 'Birkokapenen gaia da akordiorako zailtasun nagusia'

Atzo sei orduz egon ziren bilduta langileen ordezkariak, patronalak eta Hezkuntza Saila, baina ez zuten akordiorik itxi. Datozen egunetan berriro hitz egiteko geratu dira.

Miren Zubizarreta (ELA), atzoko bileraren ostean. EiTBren bideo batetik ateratako argazkia
Miren Zubizarreta (ELA), aurrez egindako bilera batean.
Sindikatuak, patronalak eta Jaurlaritzak ez dute akordioa ixtea lortu

0:52

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17:00etatik 23:00etara egon ziren bilduta atzo EAEko itunpeko irakaskuntzako gatazkan nahasita dauden alde guztiak —sindikatuak, Kristau Eskola eta AIZE-IZEA patronalak eta Hezkuntza Saila—, Iñaki Varas Lan Harremanen Kontseiluak izendatutako bideratzailearen gidaritzapean. Akordiorik ez zuten itxi, ordea. Batzarretik ateratzean sindikatuek argitu zutenez, "birkokapenen gaia da akordioa lortzeko zailtasun nagusia". Adostasunik lortu ez, eta gaur ere greban izango dira langileak.

Sei orduko bileraren ondotik "aurrerapauso askorik ez" zutela lortu aitortu zien kazetariei Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak. Baikorrago mintzatu zen Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendaria. "Konponbidea lortzeko borondatea egon da, eta badago parte guztietan". Ormazabalen hitzetan, asteazkeneko bileran zintzilik geratu ziren "gai batzuk falta dira ixteko".

Zehatzago mintzatu zen Zubizarreta, eta akordioa lortzeko oztoporik handiena birkokapenen gaia dela argitu zuen. "Guk gai horren inguruan hitz egiten jarraitu nahi genuen bihar (gaurko egunagatik), baina bai patronalak eta bai Hezkuntza Sailak esan digute denbora behar dutela". Hala, datozen egunetan berriz elkartzeko geratu dira; "ez dugu egunik itxi, bideratzaileak deitzen gaituenean etorriko gara", argitu zuen.

Ostiral honetan, bada, ez omen dira bilduko, baina sindikatuek nabarmendu dute "beranduenez astelehenean zerbait" jakin behar dutela. "Espero dugu enpleguaren mantenua bezalako gai garrantzitsu honi ahalik eta azkarren heltzea, eta akordioa lortzea", erantsi du Zubizarretak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Grebak EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuen azken ordukoa CCOO UGT albisteak Steilas azken ordukoa Lan gatazkak albisteak gaur