Ekonomia -
Lan-gatazka
Itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioak gorabeherak eragin ditu Bilbon
Sindikatuek manifestazioa deitu dute lehen orduan San Mames inguruetan, eta horrek oztopoak eragin ditu ibilgailuen joan-etorrian.
eitb.eus
Bilboko sarbideak, bereziki San Mameskoa, kolapsatu egin dira gaur, ostirala, gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen ordezkariek deitutako manifestazioa dela eta. Protesta 08:00etarako deitu dute, hain zuzen, hiribururako sarrera-irteerak ibilgailuz beteta izaten direnean.
Tuneletako zirkulazioa eten egin dute, eta, hori dela eta, San Mameseko sarbidean ez ezik, Bilborako beste sarbide batzuetan ere izan du eraginik manifestazioak, ohi baino ibilgailu kopuru handiagoa izan baitute.
Goizeko manifestazioa San Mamesetik abiatu da, baina 12:00etan beste bat deitu dute, Jesusen Bihotzetik abiatzeko asmoz, hain zuzen.
ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan deitutako grebarekin jarraituko dute gaur, ostirala, bart patronalekin egindako bilera lan-hitzarmenaren inguruan akordiorik gabe amaitu ostean.
Sindikatuek atzo, osteguna, hasi zituzten hilabeteko lanuzteak, abenduaren 5era arte, baina negoziatzen jarraitzen dute, eta asteazkeneko bilera akordiotik gertu amaitu zuten.
Bart egindako bilera 23:00ak arte luzatu da, baina, sindikatuek azaldu dutenez, ez dute aurrerapauso "esanguratsurik" eman, eta, ondorioz, ez dute akordiorik lortu.