Ekonomia -
aurreikuspen makroekonomikoa
Espainia uste baino gutxiago, % 1,9, haziko dela aurreikusi du Europako Batzordeak
Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak baikorragoak ziren (% 2,1). Bruselak ohartarazpena ere egin dio Espainiari: defizitaren helburua gaindituko du.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordeak gaur jakinarazi dituen aurreikuspen makroekonomikoen arabera, Espainiako ekonomia espero baino gutxiago haziko da aurten zein 2020an. Zehatz jarrita, 2019an % 1,9 haziko da, eta 2020an, % 1,5. Espainiako Gobernuak egindako aurreikuspenen azpitik kokatzen dira biak.
Udazkeneko aurreikuspen horien arabera, langabezia jaitsi egingo da, baina kasu honetan ere, apirilean iragarritakoa baino gutxiago: % 13,9ra, aurten; % 13,3ra, 2020an, eta % 12,8, 2021ean.
Espainiako Gobernuak urrian kaleratutako aurreikuspenak % 2,1era murriztu zuen 2019rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena, eta % 1,8ra, 2020koa. Defizitari dagokionez, 2019rako % 2an kokatu zuen, eta 2020rako, aldiz, bi hamarren jaitsi eta % 1,7an utzi zuen.
Europako Batzordearen arabera, ordea, % 2,5ekoa izango da 2019an. 2020rako % 2,2an kokatu du, eta Estatuko Aurrekontu Orokorrik ez egotea egin du horren erantzule. Izan ere, hauteskundeak errepikatu behar izan direnez, 2018ko aurrekontuen bigarren luzapena aurkeztu zion Espainiako Gobernuak Bruselari.