Ekonomia -
Etxebizitza
Jaurlaritzak babes ofizialeko 484 etxebizitza bultzatzea baimendu du, 348 alokairuan
VISESA sozietate publikoak, horrela, alokairuko etxebizitzara bideratu du bere ekoizpena.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 484 etxebizitza bultzatzea baimendu du astearte honetan; horietatik 348 (% 72) alokairuan jarriko dituzte, eta gainerako 136ak (% 28), salgai.
Horrela, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta VISESA (Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA) sozietate publikoak sinatutako 2019ko Programa Kontratuari.
Dokumentu horretan, VISESAren jarduera dago zehaztuta, eta jasota dago VISESAk alokairuko etxebizitzara bideratuko duela bere ekoizpena, hain zuzen 2018-2020 aldirako Etxebizitza Plan Zuzendariak eta aldi bererako VISESAren Plan Estrategikoak zehaztutakoaren bideari jarraituz. 2015eko Etxebizitzaren Legeak xedatzen duenez, VISESAren jarduera alokairuko etxebizitzak eskaintzera bideratuko da; hortaz, datorren urteko bigarren hiruhilekotik aurrera, VISESAk errentamendu-araubideko etxebizitzak baino ez ditu kalifikatuko.
VISESAk udalerri hauetan sustatuko ditu etxebizitzak: alokairuan (348), Barakaldon (94 etxebizitza sozial), Zumarragan (babes ofizialeko 72 etxebizitza alokairuan eta 36 etxebizitza sozial), Arrasaten (babes ofizialeko 70 etxebizitza alokairuan) eta Hondarribian (babes ofizialeko 42 etxebizitza alokairuan, eta 34 etxebizitza sozial); eta salgai (136), Bilbon (babes ofizialeko 58 etxebizitza, Zorrotzaurren), Hondarribian (babes ofizialeko 42 etxebizitza) eta Eibarren (babes ofizialeko 36 etxebizitza, Egazelain).