Ekonomia -
Bizkaian
Etxez etxeko laguntzako langileek grebak areagotuko dituzte negoziatzen ez bada
Bizkaian zerbitzu horren 10.000 erabiltzaile inguru artatzen dituzten ia 1.500 langileek duela bi urtetik eskatzen dute sektoreko hitzarmena berritzea.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko enpresa esleipendunetako langileek greba eta mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute astearte honetan, baldin eta datorren asteko bileran zerbitzuaren enpresa esleipendunek ez badute langileen lan baldintzen eta soldaten hobekuntza negoziatzen.
Lan-gatazka duela bi urte hasi zen. Bizkaiko etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren 10.000 erabiltzaile inguru artatzen dituzten 1.500 langileak greban daude 2015etik berritu gabe dagoen sektoreko hitzarmena eskatzeko. Gaur, Bilboko erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte manifestazioan.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek mobilizazio gehiago iragarri dituzte eta gatazka areagotu egingo dela esan dute, iazko 27 greba eta lanuzteen ostean, euren lan baldintzak hobetzen ez badira; batez ere, etxeko laguntzaileentzako lan arriskuen legea betetzeari eta soldaten igoerari dagokionez.
Irailean bi aldeak negoziatzeko eseri zirela adierazi dute, baina patronalek ez zutela "inolako eskaintza ekonomikorik eraman", eta azaroaren 13an beste bilera batera deituta daudela jakinarazi dute.
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek bi greba egun deitu zituzten gaurko eta azaroaren 28rako, eta beste bi lanuzte partzial azaroaren 4an eta 27an, 07:00etatik 11:00etara, eta azaroaren 23an manifestazioa egingo dute Bilbon. Dena den, "mahai gainean edukirik izan gabe jarraituz gero, greba dinamikak areagotzeko beste erremediorik ez zaigu geratuko", ohartarazi du Xabier Castellanos ELAko ordezkariak.
Martxa hasi aurretik, langileak Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzaren aurrean bildu dira, eta Bilboko Udalaren aurrean amaitu dute mobilizazioa, "udalak baitira enpresak kontratatzeko baldintza-agiriak egiten dituztenak eta zerbitzuaren azken arduradunak", esan dute.
Sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, etxez etxeko laguntza zerbitzua "funtsezkoa da gizartearentzat, baina erakundeek eta hura kudeatzen duten enpresek tratu txarra ematen diote", nahiz eta "pertsona askorentzat euren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatearen edo egoitza batera joan behar izatearen arteko aldea den".