Ekonomia -
Lan-gatazka Bizkaian
Metaleko langileek 'hitzarmena blokeatuta' izatea egotzi diete enpresa handi batzuei
Beharginek auto karabana egin dute Aceros Inoxidables Olarra enpresaren egoitzaraino negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko.
EITB.EUS
Bizkaiko Metaleko langileek salatu dutenez, sektoreko enpresa handi gutxi batzuek —ITP, Sinedor, Aceros Inoxidables Olarra eta Arteche aipatu dituzte— "erabakitzeko botere handiegia" eta "lan hitzarmena blokeatuta" dute.
Beharginek auto karabana egin dute gaur, asteon antolatuta dituzten protesten baitan. Zutabeetako bat Sinedor enpresatik (Basauri) abiatu da, eta bestea, Arteche lantegitik (Mungia); Aceros Inoxidables Olarra enpresan (Loiu) egin dute bat biek. Bertan, adierazpen bateratua irakurri dute langileen ordezkariek.
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuen hitzetan, enpresa handi horiek dira negoziazioa ez atzera ez aurrera egotearen erantzule: "Enpresa horiek omen dira Bizkaiko Metaleko hitzarmen duina ez sinatzeko eskatzen ari direnak". Horren aurrean, borrokan jarraituko dutela berretsi dute. "Zuek hitzarmena blokeatzen jarraitzen duzuen bitartean, guk zuen enpresak blokeatuko ditugu!", nabarmendu dute.
Salatu dutenez, ITP, Sinedor eta Olarra enpresek "irabazi handiak" izan zituzten iaz eta aurreko urtean, baina "prekarietatearen adibide argiak dira, poltsikoak bete eta langileen lan-baldintza duinak ukatzen dituztelako".
Langileek dei egin diete sektoreko gainerako enpresen arduradunei: "Argitu ezazue zuon jarrera. Edo negoziazio erreal baten alde zaudete edo, enpresa horiekin batera, blokeoaren alde eta gatazka luzatu eta iraunkor bihurtzearen alde".
Era berean, alderdi politikoei zuzenduta, galdera bota dute: "Politikariei, kanpainan dauden horiei, zein da zuen eskaintza guretzat? Urkullu FVEMen (Bizkaiko metalgintzako enpresen patronala) ondoan lerrokatuta jarraituko duzu?".
Biharko, asteazkena, protesta antolatu dute BECen, FVEM patronalak ekitaldia baitu bertan. Ostiralean, gauza bera egingo dute Bilbon, Sabin Etxearen atarian. Ostegunean, berriz, patronalarekin bilduko dira berriro, negoziazio-mahaian.