Ekonomia -

Berrikuntza

Merkatuan 'iraultza' eragingo duten sei proiektu berritzaile aurkeztu dituzte Bilbon

Iñigo Urkullu lehendakariak 'Global Innovation Day' ekimenean parte hartu du, eta Euskadik berrikuntzan aurrera egin badu ere, urrats "gehiago” eman behar direla nabarmendu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak 'Global Innovation Day' ekimenean parte hartu du. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakariak 'Global Innovation Day' ekimenean parte hartu du. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakariak 'Global Innovation Day' ekimenean parte hartu du. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkatuan "iraultza" eragingo duten sei proiektu berritzaile aurkeztu dituzte astelehen honetan Bilbon, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako Global Innovation Day ekimenean. Besteak beste, animaliak hil gabe haragia laborategian sortzea (Biotech Foods), zirkulazio-istripuak murrizteko adimen artifiziala erabiltzea (Asimob) eta gorputz bakoitzean arropak nola geratzen diren erakusten duen zerbitzu bat sortzea (Naiz Fit) proposatzen duten negozioak dira goizean aurkeztu dituzten sei euskal proiektuetatik hiru.

Beste hirurak gaixotasun "katastrofikoetarako" eta zahartzarorako botika berrien aurkikuntzarekin (The Art of Discovery), ebakuntza kirurgikoen murrizketarekin (Polimerbio) eta grafenoaren erabilerarekin (Graphenea) lotuta dauden negozio-eredu berriak dira.

"Merkatuan iraultza eragiteko gaitasuna duten proiektu berritzaileak dira horiek guztiak", nabarmendu du Innobasquek.

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XIX. Astea inauguratzeko ere balio izan duen ekitaldian parte hartu du, eta Euskadik berrikuntzan aurrera egin badu ere, "urrats gehiago" eman behar direla nabarmendu du bere hitzaldian.

"Inbertitu dugu, baina gehiago inbertitu behar dugu. Ikerketa estrategikoa finantzatzen lagunduko duten funts gehiago erakarri nahi ditugu, eta euskal lidergoa bultzatu Europako esparru-programa berriaren proiektu handietan", esan du Urkulluk.

Ildo horretatik, une honetan Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Planaren oinarriak zehazten ari direla nabarmendu du, 2030. urtera begira "hiru erronka" hauei aurre egiteko: trantsizio demografikoa, trantsizio energetikoa eta trantsizio teknologikoa.

"Herrialde gisa ditugun hiru erronka eta hiru aukera dira", adierazi du lehendakariak, eta Jaurlaritzak "berrikuntzaren, ikerketaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustua indartzeko konpromisoa du", gaineratu du.

Gaur, 500 pertsona inguru bildu dira Global Innovation Day ekimenean; besteak beste, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kideak (batzuk Eusko Jaurlaritzako sailburuak dira), eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea eta Bixente Atxa Mondragon Unibertsitatekoa tartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak