Ekonomia -

METALAREN GATAZKA

'Akordiorako borondatea' izateko eskatu die berriz ere Urkulluk Metaleko langileei

EAJk ekitaldia egin du gaur Barakaldon, eta hasi aurretik idatzia eman diote Bizkaiko Metalgintzako langileek Urkulluri. Ondoren, protesta egin dute mitinean hitz egiten hasi denean.

Urkullu gaur Barakaldon, ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Urkullu gaur Barakaldon.
Urkullu gaur Barakaldon, ETBko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan ika-mika berri bat izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Bizkaiko Metalgintza sektoreko hainbat langileren artean. Urkulluri txistu egin diote Barakaldon, EAJren ekitaldi batean, hitz egin behar zuenean, eta hark kargu hartu die protesta hori egiteagatik, orduerdi lehenago "errespetu osoz" idatzi bat eman diotenean.

"Hau egia esateagatik gertatzen zaigu" hasi du bere erantzuna: "Nola liteke egun berean, ordu erdiko tartean, Cables y Alambres enpresako langileek eta euren senideek euren eskarien berri ematen duen idatzi bat helaraztea errespetu osoz, bihar bertan Arantxa Tapiarekin partekatu behar nuena baina gaur bertan partekatu dezakedana, eta handik ordu erdira egoera hau ere jasan behar izatea?".

EAJren mitinaren aurretik, izan ere, sei bat langile Urkullurengana joan dira "hitzarmen duin bat" lortzeko dituzten eskariekin idatzi bat ematera. Handik gutxira, hitzaldia hasi denean, dozena bat langilek protesta zaratatsua egin dute.

Langileen protestaren ondoren, Urkulluk gogoratu du irailaren 30ean Tribuna Europan egin zituen adierazpenen harira datorrela gatazka hau eta berak esan zuena zehatz mehatz zer izan zer jakin nahi duenak guztiak grabatuta duela gogorarazi du: "26. minutuan, gutxigorabehera, hitz egiten dut honi buruz. Hori da orduan esan nuena eta hori da orain ere esan dezakedana. Egia esatea da gure ezaugarri nagusietako bat, eta oihuek ez dute nire egia isilaraziko".

Egun hartan Bizkaiko Metalgintzako langileak garatzen ari ziren grebaren inguruan hauxe esan zuen: "Nire Durangoko etxearen aurrean izan dut jada manifestazio bat 07:00etan eta badakit zertaz ari naizen, eta manifestatzeko modu batzuek dituzten ezaugarriak ezagutzen ditut. Sindikatuen eskariak logikoak izan arren, ziur nago enpresaburuak eta Bizkaiko Metalgintzaren Federazioko enpresarioak direla egoera honetara iristea gutxien nahi dutenak". Enpresarien aldetik azken hilabeteetan "akordiotara iristeko ahal den guztia" egin zela esan zuen, baina sindikatuen aldetik, uda aurretik jada greba iragarri izanak eta udazken beroa aurreikusi izanak "zalantzan" jartzen zuela "sindikatuek akordiotara iristeko borondatea dutenik". Hala, gatazka berbideratu eta akordiotara iristeko borondatearekin eseri nahi dutenek hala egingo dutela espero zuela esan zuen. 

Adierazpen horien harira, urriaren 11n, Iker Casanova (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Elkarrekin Podemos) legebiltzarkideek lehendakariaren jarrera gaitzetsi zuten eta "onartezintzat" jo zuten lehendakaria patronalaren alde posizionatu izana. Iñigo Urkullu lehendakariak metalgintzako gatazkan enpresarien alde egin izana ukatu zuen eta akordioa adosteko "benetako borondatea" eskatu die Metal sektoreko patronalari zein sindikatuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Barakaldo Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Metalgintza albisteak