Ekonomia -

Abenduaren 11ra arte

Hilabeteko greba Gipuzkoako zahar-etxeetan eta eguneko zentroetan, azaroaren 11tik

Abenduaren 11ra arte luzatuko da. 2018ko irailetik, sektoreko langileek 118 greba-egun izan dituzte, orain arte.

Erabiltzaileen familien protesta bat. Argazkia: EFE.
Erabiltzaileen familien protesta bat. Argazkia: EFE.
ELAk beste hilabeteko greba deitu du Gipuzkoako zahar-etxeetan

1:20

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak hilabeteko greba deitu du ostegun honetan, Gipuzkoako zahar-etxeetan eta eguneko zentroetan. Greba azaroaren 11n hasi eta abenduaren 11n amaituko da, "pertsona nagusiak egunero zaintzen duen sektore bat duin bihurtzea" helburu.

Orain arte, sektore honetako langileek 118 greba-egun izan dituzte 2018ko irailetik; hortaz, hilabeteko greba hau amaituta, 149 greba-egun izango dituzte eginda, abenduaren 11n.

ELAk jakitera eman duenez, langileek berriro azpimarratu nahi izan dute prozesu osoan zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duen "arduragabekeria": "Zoritxarrez, beste prozesu luze eta gogor batzuetatik ikasi beharrean -Bizkaikoa halakoa izan zen, 379 greba-egunekin-, badirudi hemen gauza bera gertatzea nahi dutela".

Hala pentsatzeko "zantzu ugari" daudela berretsi dute; izan ere, eta gogora ekarri dutenez, "ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lorturiko akordioa faltsutu zuen Aldundiak, akordioa ez finantzatzeko; gero, ez zen azaldu Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak deituriko bilerara; eta, gainera, Markel Olanok eta Maite Peñak harro adierazi dute negoziazio-mahaian aurrerapenak egingo direla, eta haiek ez direla patronala", adierazi dute.

"Negoziazio-mahaiak ez du gehiagorako ematen"

"Negoziazio-mahaiak ez du gehiagorako ematen, eta denok dakigu akordioaren finantzaketa Aldunditik etorri behar dela. Beraz, eztabaida dialektikoetan denbora gehiago ez galtzeko eta gatazka konpontzeko lanean hastea eskatzen diegu", gaineratu dute.

Azaroaren 28rako deituta dagoen bilerara negoziatzeko borondate argiarekin joango da ELA, helburuak lortu arte borrokari eutsiko diotela argi utzita.

Greba honetan, sektore honetako langileen lan-baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea bera eta nagusientzako arreta hobetu nahi dutela azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Grebak gaur EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak gaur Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak