Ekonomia -
enplegu publikoa
Jaurlaritzak 1.026 lanpostuko eskaintza publikoa onartu du Administrazio Orokorrerako
Azken 30 urteetako deialdi handiena da honakoa. 2020an beste lan eskaintza bat deitu nahiko luke Jaurlaritzak, gutxienez 500 plazakoa.
EITB.EUS
2019an Administrazio Orokorrerako 1.026 lanpostuko eskaintza publikoa (LEP) egitea adostu du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran, Josu Erkoreka Gobernantza eta Autogobernuko sailburuak bileraren osteko prentsaurrekoan iragarri duenez. 2020an beste lan eskaintza publiko bat deitzeko asmoa ere badagoela aurreratu du Erkorekak, gutxienez 500 plazakoa.
Jaurlaritzako bozeramailea ere badenak nabarmen duenez, azken 30 urteetako lan deialdi handiena da. Gogorarazi duenez, 2017an, 150 lanpostuko lan eskaintza egin zuten, eta 2018an, 337koa. Lau deialdi horien (guztira 2.000 plaza baino gehiago) azterketak datorren urtetik aurrera egingo dira, eta 2021ean eta 2022an luzatuko dira.
2019ko lan eskaintza publikoak txanda bikoitza izango du, barne-sustapenekoa eta sustapen askekoa. Euskadiko administrazio orokorreko lanbide-kidego ugari hartuko ditu:
A taldea - A1 azpitaldea:
- Osasun Publikoaren teknikarien kidegoa: 52 plaza
- Epidemiologiako teknikarien kidegoa: 20 plaza
- Informazio Sistemen teknikarien kidegoa: 35 plaza
- Albaitaritzako teknikarien kidegoa: 20 plaza
- Laborategiko teknikarien kidegoa: 10 plaza
- Arkitektura aukerako teknikarien kidegoa: 33 plaza
- Medikuntza aukerako teknikarien kidegoa: 50 plaza
- Zuzenbide aukerako teknikarien kidegoa: 206 plaza
A taldea - A2 azpitaldea:
- Administrazio Kudeaketako kidegoa: 70 plaza.
C taldea - C1 azpitaldea:
- Administrazioko kidegoa: 130 plaza.
C taldea - C2 azpitaldea:
- Laguntzaileen kidegoa: 350 plaza.
E taldea:
- Mendekoen kidegoa: 50 plaza.
2020ko LEPari dagokionez, Erkorekak azaldu du ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatzen hasiko direla, lanpostu kopurua zehazte aldera. Jaurlaritzak nahiko luke beste 500 plaza onartzea, gutxienez.
Helburu bikoitza
Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, eskaintzak bi asmo nagusi ditu: batetik, dagoeneko euskal administrazio publikoan lanean ari direnen enplegua finkatzea; bestetik, langileria gaztetzea.
Horren harira, Erkorekak esan du bitarteko langileen lanpostuak egonkortzeko ezohiko prozedurak gaineratu beharko dituztela deialdietan, eta horretarako Legebiltzarraren babesa behar dela. Hori horrela, Ganberan ordezkaritza duten alderdiei dei egin die: "Babes legal hori barik ezingo genituzke deialdiotan aurreikuspen horiek egin, errekurtsoa aurkez daitekeelako".