Ekonomia -

EAEAN

Amiantoagatik gaixo dagoen langile bati kalteak ordaindu beharko dizkio CAFek

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako lan-arloko epaitegi batek emandako epaia baliogabetu du. CAFek 168.500 bat euro ordaindu beharko dizkio langileari.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak asbestosia izeneko arnasketa-gaixotasuna duen langile baten helegitea aintzat hartu, Donostiako lan-arloko epaitegi batek maiatzean emandako epaia baliogabetu eta, aipatutako lan-gaixotasunak eragindako kalteengatik, langileari 168.500 bat euroko kalte-ordaina emateko zigortu du CAF.

Asviamie Amiantoaren Euskadiko Biktimen Elkarteak astelehen honetan ohar batean jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak "osorik" onartzen du Donostiako Lan Arloko 4. Epaitegiaren epaiaren aurka langileak jarritako helegitea.

Asviamieren iritziz, Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak "Ricardo Bandres epaileak behin eta berriz gauzatutako inkongruentzien beste porrot bat da; izan ere, haren nahia da lan-gaixotasunak ezkutatu eta enpresa arau-hausleak errugabetzea, batez ere biktimek CAFi eskatzen dizkiotenean erantzukizunak".

"Legearen kontrako epai inkongruenteen bidez, etengabeko prebarikazioa egin izatea" leporatu dio elkarteak Bandres epaileari; izan ere, azken horrek, Asviamieren iritziz, "biktimei iruzur egiten die, argi eta garbi CAF eta beste enpresa batzuk errugabetzen saiatzen ari dela". Hortaz, eskatu dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari epailearen aurka esku hartzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak orain arrazoia ematen dion langileari dagokionez, Asviamiek azaldu du 1957tik 1969ra arte CAFen lan egin zuela, treneko bagoiak muntatzen (sekzio hartan, amiantoa erabiltzen zuten, isolatzaile gisa), eta gerora, 1969tik 1995era arte, Indar Eraikuntza Elektromekanikoetan ibili zen.

2018tik, amiantoagatik arriskuan zeuden langileen zerrendan

2017ko maiatzean, asbestosia eta pleurako kaltzifikazioak diagnostikatu zizkioten; 2018ko urtarrilean, Osalanek amiantoagatik arriskuan zeuden langileen zerrendan sartu zuen. Handik hiru hilabetera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak lanerako ezintasun iraunkorra onartu zion, lan-gaixotasunagatik.

Epaitegian kalte-galeren kalte-ordainketa eskatuta, Donostiako Lan Arloko 4. Epaitegiak ez zuen onartu, eta CAF eta Indar absolbitu egin zituen. Argudiatu zuen ez zegoela frogatuta biriketako gaixotasunak lan-jardueran izatea jatorria; izan ere, "denbora luzea" zen igarota CAFen amiantoak eragindako arriskua pairatu zuenetik gaixotasuna agertu arte.

EAEko Auzitegi Nagusiak, aldiz, langilearen helegitea "osorik" hartu du aintzat, bai eta dagokion kalte-ordainaren kalkulua; epaiaren arabera, garai hartan "prebentziozko hausteak" zeuden, bai eta "babesik eza" ere: "Kausalitate-lotura dago gaitzaren, diagnostikoaren eta lanbidearen artean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak EAE Lana berriak Epaiketak albisteak CAF bideoak Gaixotasunak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Auzitegi Nagusia hoy