Ekonomia -
ENPRESAK
Tapia: 'Euskaltelen zuntz sarearen salmenta Kontseiluak hartuko du, ez Zegonak'
Gai hori "planteatu ere ez da egin", sailburuaren esanetan, eta enpresaren errotzea bermatuta dagoela gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak azpimarratu duenez, Euskaltelen zuntz optikoaren sarearen salmentari buruz erabaki behar duena Administrazio Kontseilua da, ez Zegona. Gainera, aukera hori "planteatu ere ez da egin", gaineratu du.
Zegona funts britainiarrak sare hori saltzeko duen asmoaren harira galdetu dio gaur Iker Casanova EH bilduko legebiltzarkideak Tapiari kontrol saioan.
Sailburuak azpimarratu duenez, Jose Miguel Garcia Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuaren arabera, "gaur-gaurkoz" telekomunikazioen euskal operadoreak "ez du bere sarea saltzea planteatzen", eta gai hori "ez da Administrazio Kontseiluan eztabaidatu ere egin, eta bertan hartu behar da erabaki hori".
"Ez gara hasiko airean gazteluak egiten", azpimarratu du Tapiak. Zegonak Euskaltelen akzioen % 21 dituela gogoratu du sailburuak, baina Kutxabankek, beste euskal akziodun txiki batzuekin batera, akzioen % 25 dituela, eta horrek enpresaren errotzea bermatzen duela gaineratu du.
Bestalde, Zegonak sarea saltzeko aukera planteatu izanak "ez du esan nahi gaur egun hori errealitate bat denik", azaldu du Tapiak.
Sailburuak nabarmendu duenez, Euskaltel ez da joan, ez du sarea saldu, Euskadin handitu baizik. "Enpresak herrialdearekin konprometituta eta proiektu berrietan lanean jarraitzen du", erantsi du sailburuak.