Ekonomia -

Eskubide Sozialen Karta

Urtarrilerako greba orokorra deitu dute ELA, LAB, pentsiodunek eta hainbat eragilek

Nabarmendu dutenez, gaur egungo egoeraren aurrean mobilizazioa beharrezkoa da "lanpostu, pentsio eta bizitza duin" bat eskatzeko.

Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariak, prentsaurrekoan.
Karta Sozialaren aldeko plataformak greba orokorra deitu du urtarrilerako

0:47

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, CNT eta CGT), pentsiodunen elkarteek eta beste eragile sozialek greba orokorra deituko dute urtarrilaren bigarren hamabostaldirako —ez dute data zehatza ezarri oraindik— "prekarietatearen" kontra eta "lanpostu, pentsio eta bizitza duina" aldarrikatzeko.

Greba deialdia gaur Bilbon egin duten prentsaurreko batean iragarri dute Kartaren ordezkariek. Han izan dira Mikel Lakuntza eta  Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiak, pentsiodunen bozeramaileak eta gainerako eragile sozialen kideak.

Euren ustez, azken hamarkadan lan baldintzek eta pentsioek "okerrera" egin dute. Horren aurrean, "beharrezkoa da jauzi kualitatiboa egitea lan baldintza, pentsio eta bizitza duin baten aldeko borrokan".

Grebaren helburua da gaur egun eragileok —hala nola, pentsiodunek, langileek, feministek eta ekologistek —dituzten "borrokek bat egitea". Lakuntzaren esanetan, "krisiaren aitzakiatan kendu dizkiguten eskubide sozialak eta lan arlokoak berreskuratzea aldarrikatzen dugu".

Urtarrileko greba baino lehen, mobilizazio egutegi zabala antolatuko dute lantokietan zein kalean.

Hala, urriaren 30ean elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarrean Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma legea kontra protesta egiteko. Pentsiodunek azaroaren 16rako Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean deitu dituzte manifestazioak babesteko dituzte, eta abenduan bestelako mobilizazioak — zehaztu ez dituztenak— egingo dituzte.

Aldarrikapen zehatzak

Gainerako sindikatuei greba egiteko deia egingo ote dieten galdetuta, ELAko idazkari nagusiak esan du badela aukera: "Sindikaturen batek bat egin nahi badu, bere esku dago". Dena dela, ohartarazi duenez, UGT edo CCOO sindikatuekin "begi-bistako ezberdintasunak" dituzte eta "erretiro adina 67 urtera luzatu izanaren" erantzule egin dituzte.

Grebaren aldarrikapen nagusiak hizpide, pentsiodunen elkarteek defendatutakoak bere egin dituzte, hala nola, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako eguneratzea.

Lan arloan, lan erreformak bertan behera uztea, soldata arrakalarekin behin betiko amaitzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta "kontratazioaren iruzurra" amaitzea ere eskatuko dute.

Eskubide sozialei dagokienez, honakoak aldarrikatuko dituzte: mendekotasun bat duten pertsonak zaintzeko lanak hobetzea, DBEan murrizketarik ez egitea eta etxebizitza arloko edota alokairu soziala bultzatzeko neurriak hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak