Ekonomia -
Eustat
Euskadik biztanleriaren marka hautsi du, 2.188.017 pertsonarekin
Biztanleria hiru lurraldeetan handitu da azken 20 urteetan, baina Araban eta Gipuzkoan hazi da gehien.
eitb.eus
2019ko urtarrilaren 1ean, EAEn 2.188.017 biztanle zeuden, maximo historikora iritsita eta 2012ko datuak gaindituta, aurretik orduan zenbatu baitzuten herritar kopururik altuena. Horrela, aurreko urteko goranzko joerari eutsi dio. 2018ko datuekin alderatuta, EAEko biztanleriaren hazkundea 7.568 pertsonakoa izan da, Eustatek emandako datuen arabera.
Eustaten datuak lurraldez lurralde aztertuta, hiru lurraldeetan hazi da biztanleen kopurua 2018an eta 2019an, eta Gipuzkoa hazi da gehien, 2.928 egoiliar gehiago baititu. Beraz, duela ia bi hamarkada hasitako hazkundearen ildoari jarraitzen dio, azken 20 urteetan 44.427 biztanle irabazi baititu: 717.197 biztanle ditu jada.
Araba dago ondoren, 327.967 egoiliarrekin, aurreko urtean baino 2.449 gehiago eta 1999an baino 44.479 gehiago baititu. Beraz, Gipuzkoa beste hazi da azken 20 urteetan.
Bizkaiak 1.142.853 biztanle ditu, baina biztanleria-hazkunde txikiena izan duen lurraldea da, 2.191 biztanle irabazi baititu urtebetean eta 15.856 bi hamarkadetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, gora egin du biztanleriak 2018an eta 2019an, eta Gasteiz izan da igoera handiena izan duena, 2.334 pertsona gehiago zenbatu baitituzte bertan; Donostiak eta Bilbok 663 eta 620 biztanle irabazi dituzte, hurrenez hurren.
EAEko gainerako udalerrietan, ez da gorabehera nabarmenik izan 2018an eta 2019an. Barakaldok irabazi du biztanle gehien, 442 gehiago baititu, % 0,45eko hazkunde erlatiboa izan baitu. Astigarraga izan da ehunekoei erreparatuz gero igoera handiena izan duen herria, % 4,36 hazi baita; 258 herritar gehiago ditu. Beste muturrean, Getxo dago, bertan izan baita biztanleriaren beherakada absolutu handiena, 442 biztanle galduta (% 0,57).
2009 eta 2019 bitartean, Basaurik, Getxok, Portugaletek, Santurtzik eta Sestaok 1.000 biztanle pasa galdu zituzten, eta 10.557 bizilagun galdu dira guztira Bilbo Handiko udalerrietan.
65 urte edo gehiagoko biztanleak
2019an, 65 urteko eta gehiagoko biztanle gehiago zenbatu dituzte EAEn (% 22,2) Espainian baino (% 19,4), baina are gehiago daude eta beste autonomia-erkidego batzuetan, % 25etik gora baitira adin horretakoak Asturiasko Printzerrian, Gaztela eta Leonen eta Galizian, besteak beste. Europako beste herri batzuetako datuekin alderatuta, berriz, Italia bakarrik dago EAEren gainetik, % 0,4 bakarrik bada ere. Datuak sexuaren arabera aztertuz gero, emakumezkoen % 24,9 dira 65 urtekoak edo hortik gorakoak, eta gizonezkoen % 19,5 dira adin horretakoak.