Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Gurasotasun baimenak azaroaren 1ean sartuko dira indarrean, Artolazabalen esanetan

Iragarpena egiteaz gain, itunpeko ikastetxeetan deitu duten hilabeteko grebarengatik kezka agertu du Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak.

Beatriz Artolazabal, Radio Euskadiko estudioetan
Beatriz Artolazabal
Beatriz Artolazabal, Radio Euskadiko estudioetan

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri duenez, gurasotasun baimenak azaroaren 1ean sartuko dira indarrean. Izan ere, Jaurlaritzak laster onartuko du erditu ez diren bikotekide guztientzako 16 asteko guraso baimena ahalbidetuko duen dekretua.

Sailburuak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, orain arte bezala Gizarte Segurantza lehenengo 8 asteen kargu egingo da, eta hortik 16. era artekoa ordaintzeaz Jaurlaritzak arduratuko da aurrerantzean.

Iragarpen hori egiteaz gain, beste gai batzuk ere izan ditu ahotan Artolazabalek. Itunpeko ikastetxeetako langileek deitu duten hilabeteko grebari buruz, sailburuak esan du "familiek arazo asko" izango dituztela azaroan, eta egoera horretara "aldeen arteko ia elkarrizketa gabe" helduko garela. Artolazabalen ustez, Jaurlaritza ez da sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioetan nahasi behar; "ez dira gure langileak", argudiatu du.

EAEko ekonomiaren osasuna hizpide, "nazioartean Euskadiri eragiten dioten gorabeherak" badaudela onartu du sailburuak, eta balitekeela horiek "enpleguan eragina izatea, hala nahi ez badugu ere". "Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera, herrialdeen % 90 moteltze fasean daude", gogorarazi du.

Bidaiderik gabe heldutako adingabeko migratzaileen egoerari buruz ere galdetu diote Artolazabali. Azaldu duenez, "ume horiek aukera baten bila datoz, Estatu mailan eredugarri gara". Horren ildoan, iragarri du Eusko Jaurlaritza "betebehar eta eskubideen kontratu bat" prestatu nahi duela, eta gurean geratzeko nahia sustatuko duela.

______________________________

Albiste hau Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nerabezaroa albisteak