Ekonomia -

Erosketa

Eusko Jaurlaritzak Kaikuren % 7,31 erosi du, 6,6 milioi euroren truke

Orain arte, Kaikuren akzioen ehuneko hori Ekarpen Private Equityk zuen. Azpiazu sailburuak dio Jaurlaritzak "iraunkortasuneko bokazioarekin" erosi dituela akzio horiek.

Azpiazu, Erkorekaren aldamenean, erosketa aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.
Azpiazu, Erkorekaren aldamenean, erosketa aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.
Azpiazu, Erkorekaren aldamenean, erosketa aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Finantzen Euskal Kontseiluari erosteko, 6,6 milioi euro ordainduta, Kaiku Elikadura Korporazioko % 7,31; esne-produktuak eta nekazaritzako elikagaien produktuak merkaturatu, banatu eta saltzeko Kaiku taldeko sozietate nagusia da hori.

Finantzen Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakunde publikoa da, eta xede du euskal enpresen finantziaziorako sarbidea erraztea. Kaikun egoteak euskal enpresaren estrategia eta euskal lehen sektorearekiko haren konpromisoa indartuko du.

Hala, Kaikuren eta haren berrikuntzaren bidez, tokiko nekazariek ekoiztutako esnearen bilketa bermatzen da (km0 produktuak), Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak asteko Gobernu bileran azaldu duenez.

393,3 milioi euro fakturatu zituen 2018an

393,3 milioi euro fakturatu zituen Kaikuk 2018an, eta gastu finantzarioak kendu baino lehen kalkulatutako esleipenaren mozkin gordina 23,6 milioikoa izan zen. Kaiku 1950eko hamarkadan sortu zen, eta, egun, konpainiaren kapital soziala 82 milioi eurokoa da.

Kaiku sozietate kooperatiboa akzioen % 10,79ren jabea da; Laboral Kutxak % 8,23 du; eta  Lleters Llet Nostrak, % 0,20. EMMI AG suitzarra da orain akzio-gehiengoduna, % 73,47rekin baino gehiagorekin.

Orain Eusko Jaurlaritzak erosi duen gainerako % 7,31 Ekarpen Private Equityk zuen. Azken horren bazkideak dira Jaurlaritza bera, hiru Foru Aldundiak, Mondragon taldea eta Kutxabank.

Sailburuak azaldu duenez, Ekarpen 2015eko martxoan sartu zen Kaiku Elikadura Korporazioan, aldi baterako; orain, aldiz, taldetik irtetea erabaki du. Azpiazuren esanetan, Jaurlaritzak "iraunkortasuneko bokazioarekin" erabaki du Ekarpenen akzioak erostea; izan ere, administraritzaren iritziz, Kaiku taldea hazten eta enplegua sortzen ari da, eta "interes estrategikoa" du nekazaritzako elikagaien sektorean.

Euskadirekiko enpresaren konpromisoa indartzen du

Gainera, zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritza akzioduna izateak Euskadirekiko enpresaren konpromisoa are gehiago indartzea ahalbidetuko du, hain zuzen ere, bertan duen sustraitzea. Kaikuk Euskadin du helbide soziala.

Sailburuak azpimarratu du operazio hau pauso garrantzitsua dela, eta lehen sektorearen aldeko apustua indartuko duela. Esan duenez, "geratzeko asmoz" sartu da Jaurlaritza sozietate horretan.

Konpainiaren ezaugarriak kontuan izanik, baliteke partizipazioa Finkatuz funts publikoko zerrendara gehitzea. Funts horren hasierako inbertsioa 100 milioi eurokoa izango da, formalizatu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak