Ekonomia -

ZENTRAL NUKLEARRA

Eguzki: 'Lotsagarria da Jaurlaritzak Lemoiz hartzea, Iberdrola arduretatik libratuz'

Talde ekologistak salatu duenez, zentral nuklearra egon zen lurra lehengoratzeko izan zitzakeen erantzukizun ekonomiko guztietatik libratuko da Iberdrola, Eusko Jaurlaritzak Lemoiz hartzen duenean.

Imagen de archivo de la central de Lemoiz
Imagen de archivo de la central de Lemoiz
Imagen de archivo de la central de Lemoiz

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lemoizko zentral nuklearraren lurrak EAEko erakundeen esku geratuko dira aurki, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ostiral honetan iragarri duenez. Eusko Jaurlaritzak arrain-haztegi bat egin nahi du Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetan.

Iragarpen horren aurrean haserrea agertu du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak, "Iberdrola guztiz libre geratuko da inguru hura lehengoratzeko izan zitzakeen erantzukizun ekonomiko guztietatik. Eguzkik azaldu duenez, abuztuaren 9ra arte erakusketa publikoan izan den proiektu honetan (Proyecto de orden ministerial por la que se ceden a la Comunidad Autónoma del País Vasco los terrenos, emplazamientos e instalaciones pendientes de enajenar de la Central Nuclear de Lemóniz) argi eta garbi geratzen zen onartuz gero, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko zirela Lemoizko zentralaren ingurua lehengoratzeko edo egokitzeko erantzukizun ekonomiko guztiak, eta hainbat alegazio aurkeztu zituzten horren kontra.

"Orain, jarraitzen dugu jakin gabe Lemoizko zentralaren etorkizuna zein izango den, baina badakigu Iberdrola oraingoan ere irabazle atera dela. Moratoria nuklearra zela eta, Administrazioak konpainiari eskubidea eman zion herritarroi, argindarraren fakturen bidez, behar baino 3.256 milioi euro gehiago kobratzeko (Lemoizko eta Valdecaballerosko zentralengatik). Eta hori gutxi zelako edo, orain ere libratzen du inguru hura lehengoratzeko erantzukizunetatik. Izan ere, Lemoizen edozer egiteko, inguru hura nola edo hala lehengoratu edo, behintzat, egokitu egin beharko da" salatu du talde ekologistak.

lemoizko arrain haztegia

Lemoizko arrain-haztegiak izango lukeen itxura. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Gainera, Tapiak aurkeztutako arrain-haztegia ez dela proiektua ere salatu dute, ideia bat besterik ez dela: "Jaurlaritzak ez dauka inolako proiekturik, Industria sailburu Arantxa Tapiak Legebiltzarrean aitortu duen bezala. Jaurlaritzak ideia bat baino ez dauka. Idea horrek azterketa bat du oinarri eta, halaber, azterketa horrek bi aukera aurreikusten ditu: lehenengoak 4 hektarea beharko lituzke; bigarrenak, berriz, 5,5. Baina zentralak (zentralak bakarrik, inguruan dituen lursailak kontuan izan gabe) 35 hektarea okupatzen ditu. Beraz, esan bezala, paraje hartan edozer eginda ere, leheneratze- edo egokitze-lanak bai ala bai egin beharko dira. Bada, hemendik aurrera horiek denak ordaintzeko dirua Jaurlaritzaren patrikatik aterako da, gure patrikatik, alegia. Bestela esanda: Iberdrolari bost axola dio akuikultura-ideia horrek aurrera egiten duen ala ez, baina ideia horrek dagoeneko eginkizun garrantzitsua bete du, konpainia erantzukizunetatik libratu duelako".

Eguzkiren iritziz, bestelako erabilera bat eman beharko litzaioke inguru horri, "historiarekin bat datorren erabilera bat". "Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izan beharko luke" eskatu dute

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola gaur Bizkaiko albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak