Ekonomia -
Trumpen muga-zergak
Ardogintza sektorearekin bilduko da Tapia ostegunean
AEBk Europari ezarritako muga-zergen aurrean Espainiako Ministerioak zein EBk eta Euskadik har ditzakeen neurriak aztertuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak EAEko ardogintza sektoreko ordezkariekin bilera egingo du datorren ostegunean, AEBko Donald Trump presidenteak ezarritako muga-zergen aurrean neurriak eta ondorioak aztertzeko.
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Ministerioak proposatu dituen neurriak zein Europak nahiz Euskadik har ditzakeenak aztertzeko asmoa duela iragarri du sailburuak.
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin bildu ostean egingo du bilera sailburuak.
Asteleheneko bileraren ostean Tapiak azpimarratu zuen ezinbestekoa dela Europak jarrera sendoa azaltzea, ekintza bateratu eta koordinatuak proposatuz, Estatu Batuek ezarri nahi dituzten muga-zergen neurrien eraginen aurrean.
Sailburuak deia egin zien Europako estatuei elkarlanean eta zorroztasunez lan egiteko. Tapiak beste behin azpimarratu zuen Europak ondo artikulatutako eta adostutako negoziazioaren beharra Estatu Batuekin akordioa lortzeko.
Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, REGAL -nekazaritza gaietarako erregioen sarea- aktibatzeko konpromisoa hartu du, erabakiak hartzeko orduan eragile aktibo izan daitezen.