Ekonomia -
Madrilgo Probintzia Auzitegia
Xabi Alonso: 'Zegokidana ordaindu dut beti, inoiz ez dut ezer ezkutatu'
Bost urteko espetxealdia eta lau milioi euroko isuna eskatu ditu Fiskaltzak Alonsorentzat, Ogasun Publikoaren aurka ustez egindako hiru delitu leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Xabi Alonso futbolari ohia eta Donostiako Realaren filialeko egungo entrenatzailea epaituko dute gaurtik aurrera Madrilgo Probintzia Auzitegian, 2010 eta 2012 bitartean Ogasun Publikoaren aurka ustez iruzur fiskalaga egin izana egotzita. Hiru delitu egotzi dizkiote Alonsori.
"Nire zerga-betebehar guztiak betetzen nituela uste nuen, ez dut uste egin ezin nuen ezer egin nuenik", erantzun dio Xabi Alonsok fiskalari, asteazken honetan egindako ahozko saioan.
Epaitegira iritsi denean, justiziak absolbitzea espero duela esan du Alonsok. Halaber, futbolariak esan du ez duela Fiskaltzarekin akordiorik lortu nahi, absolbitu egingo dutela uste baitu. Kazetariek bere errugabetasuna babestuko ote duen galdetu diotenean, "horretara nator", erantzun die Alonsok.
"Inoiz ez dut ezer ezkutatu, beti izan naiz argia eta gardena. Zegokidana ordaindu dut beti", esan du Alonsok. Hala, beste herrialdeetan ez duela inoiz dirurik ezkutatu azpimarratu du.
Galdeketan, 2019ko abuztuaren 1eko irudi-eskubideen inguruko kontratu bati buruz galdetu diote, eta, futbolari ohiak azaldu duenez, bere abokatuek sozietate bat eratzeko aukera eman zioten Ingalaterran zegoela, Liverpoolekin jokatzen, Real Madrilek fitxatu zezakeelako.
"Legezkoa ote zen galdetu nien nire abokatuei. Egin zitekeen zerbait zela erantzun zidaten, eta ohiko praktika zela. Haiengan konfiantza osoa izanda, hitzarmena sinatu nuen. Ez nuen ezer gehiago aztertu", azaldu du Alonsok. Testuinguru horretan, Real Madril taldean irudi eskubideen % 50 lagatzea ohikoa zela esan du.
Urtarrilaren 22an epaiketa bertan behera utzi zuen Auzitegiak, Alonso epaitzeko eskumenak ote zituen ebatzi ahal izateko. Hori argitutakoan, saioak zehaztu zituzten, eta gaur eta bihar izango dira. Bost urteko espetxealdia eta lau milioi euroko isuna eskatu ditu Fiskaltzak Alonsorentzat.
Futbolari ohiarekin batera, horren aholkularia eta kontseilari fiskala ere izango dira epailearen aurrean. Fiskaltzak zigor bera eskatu du bientzat. Gainera, 2.032.845 euro ordaintzeko eskatu du, Ogasun Publikoari ustez egindako kaltea ordaintzeko.
Ogasunari ustez iruzurra egiteagatik futbolari anitz ikertu ditu dagoeneko Justiziak, eta, horien artean, Fiskaltzarekin akordiorik lotu ez duen eta errugabea dela esan duen bakarra Alonso da.