Ekonomia -
Muga-zergak
Trumpek iragarritako muga-zergen aurrean erantzuteko eskatu dio Urkulluk Bruselari
Lehendakariak ohartarazi du Estatu Batuek muga-zergen harira hartutako erabakiak eragin negatiboa izango duela euskal ekonomian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuek Europako produktuei muga-zergak jartzeko hartu duten erabakiaren aurrean, erantzun bat emateko eskatu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Europar Batasunari.
Lehendakariaren esanetan, egonkortasuna ezinbestekoa da, "atzeraldi ekonomikoari, brexit-ari nahiz nazioarteko merkataritzan ematen den protekzionismoaren ondorioei aurre egin ahal izateko".
Ildo horretan, Urkullu ziur agertu da Donald Trumpek iragarritako muga-zergek "eragin negatiboa" izango dutela euskal ekonomiaren sektore garrantzitsuenetan.
Hori dela eta, AEBk "aldebakarrez" hartutako erabakiari erantzuteko Europar Batasunak "politika bateratu indartsu bat" behar duela azpimarratu du.