Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bizkaiko metalgintzako langileek Eusko Jaurlaritzara eraman dituzte protestak

Sindikatuen arabera, protestara deituta zeudenen % 80k-85ek bat egin dute horrekin. Bilboko manifestazioan, istilu batzuk izan dira.

Bilboko manifestazioak hiribilduaren hainbat kale zeharkatu ditu. Argazkia: EFE.
Bilboko manifestazioak hiribilduaren hainbat kale zeharkatu ditu. Argazkia: EFE.
Bilboko manifestazioak hiribilduaren hainbat kale zeharkatu ditu. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintza sektoreko ehunka langilek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara eraman dituzte euren protestak asteazken honetan, elkarren segidako hirugarren greba-egunean. Beste behin ere, langileak kalera irten dira "lan-hitzarmen duina", soldatak eguneratzea, genero berdintasuna bultzatzea eta prekarietatea amaitzea eskatzeko. Sindikatuen iritziz, greba bereganatzen ari den babesaren datua patronalarentzako mezu bat da; izan ere, esan dutenez, asteazkeneko atxikimendua % 80-85koa izan da.

Grebalariek Bilboko kaleak hartu dituzte goizean goizetik. 07:45ean manifestazioan atera dira EiTBren egoitza ingurutik, San Mames ondotik. Mobilizazio hori dela eta, San Mameseko sarrera-irteerak itxita egon dira 09:30era arte.

Jarraian, langileak Euskadi Plazara joan dira manifestazioan, izan ere, bertan dago FVEM patronalaren egoitza. Gero, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egon dira grebalariak, elkarretaratzea eta eserialdia egiten. Handik, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira abiatu dira.

Manifestazioan, istilu batzuk izan dira: Bilboko hainbat edukiontzi erre dituzte.

"Patronalarentzako mezu argia"

Greba deitu duten sindikatuek esan dutenez, protesta bereganatzen ari den atxikimendu "masibo eta zabala" patronalarentzako "mezu argia da". "Behingoz, langileen eskakizunetara behintzat pixka bat hurbiltzen den zerbait eraman beharko luke negoziazio-mahaira", adierazi dute. 50.000 langile zeuden deituta grebara, eta sindikatuek diote % 80k-85ek bat egin dutela horrekin.

Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak zehaztu du zer egin nahi izan duten Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzeekin: "Erakundeak interpelatu nahi izan ditugu, gatazkarako konponketaren bila lan egin dezaten".

ELA, CCOO eta LAB sindikatuetako ordezkariek, gainera, berriro gaitzetsi dituzte Urkullu lehendakariaren adierazpenak; UGTko ordezkariak, aldiz, ez du horien gaineko aipamenik egin, eta FVEM patronalaz mintzatu da. Astelehenean emandako hitzaldi batean, Iñigo Urkulluk esan zuen ziurtzat jotzen zuela "FVEMeko enpresek ahal izan duten guztia egin dutela, azken hilabeteotan, akordioak lortzeko"; zehaztu zuenez, udara baino lehen jakina zen "sindikatuak prest zeudela greba egiteko, eta udazken beroa izateko". Hortaz, ez dago, bere iritziz, akordiorako borondaterik. 

Etxebarriaren iritziz, Urkulluren hitzak onartezinak dira, bai eta Josu Erkoreka bozeramailearenak ere (Erkorekak esan duenez, lehendakariaren asmo bakarra izan da akordio-borondateko elkarrizketa eskatzea, "zintzoa eta leiala", gatazkarako); izan ere, Etxebarriaren ustez, "patronalaren irakurketa erosten dute, patronalarekin egoten baitira, ez sindikatuekin edo langileekin. Horiekin, gainera, ez dute egon nahi ere".

Euskadiko CCOO sindikatuko Luis Moulearen esanetan, "Bizkaiko langileek indarra dutela erakutsi dute, eta FVEMek ulertu behar du, behingoz, garaia dela hitzarmenean lan-baldintzak eguneratzeko".

Moulearen iritziz, "guztiz larria da Urkulluk atzera egin ez izatea; gezurra esan zuen grebak udaberritik deituta zeudela adierazi zuenean".

CCOO Euskadiko ordezkariak lehendakariari eskatu dio “patronalaren ondoan ez jartzeko, eta ez egiteko inoren alde. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko erakundeek bete beharreko zeregina dute, langileen alde egitekoa”.

LABeko Eulate Zilonizaurrekoetxearen arabera, "sinestezina da metalgintzako langileak lan-baldintza duinen alde egiten ari diren borroka; herri-borroka ari da bilakatzen, metalaz haratago".

Jose Maria Rojo UGTko ordezkariak adierazi du langileen gehiengoak babestu duela greba, "enpresetan zein kaleetan". Gainera, babes hori ez da murriztu grebaren hasieratik.

Barrikada, Markinan

Goizeko lehen orduan, gainera, pneumatikoz egindako barrikada batek BI-633 errepidea itxi du Markinan. Suhiltzaileek itzalitakoan kendu dituzte langileek erretako pneumatikoak galtzadatik, eta 08:15 aldera ireki dute berriro errepidea.

Errepidea puntu honetan itxi dute

Markinako puntu honetan itxi dute errepidea. Argazkia: @ikersalgadoser1

Hirugarren greba-eguna, jarraian

Bizkaiko metalgintzak elkarren segidan egindako hirugarren greba-eguna du gaurkoa. Aurreko bi egunetako grebaren jarraipena % 85ekoa izan dela diote ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Patronalak, ostera, atzoko parte-hartzea bezperakoa baino txikiagoa izan zela azpimarratu zuen, % 22koa izan baitzen, haren arabera. 

Atzo, asteartea, milaka langilek parte hartu zuten Zornotzan eta Erandion egindako manifestazioetan.

Grebaren bigarren egunean, Durangaldean bereziki, piketeek indarkeria baliatu zutela salatu zuen FVEM patronalak. Dena den, piketeek eragindako kalteak kasu isolatuak dira, sindikatuen ustez.

Ertzaintzak 14 langile identifikatu zituen Berrizen, Zaldibarren, Igorren eta Zamudion, eta beste 20 bat lagun identifikatu zituen gero Abadiñon, piketeek enpresa batean kalteak egin ostean.

Bestalde, metalgintzako greba deitu duten ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakariak patronalaren alde egindako adierazpenak kritikatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Eusko Langileen Alkartasuna LAB Grebak albisteak EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa CCOO albisteak UGT Lan gatazkak azken ordukoa Metalgintza