Ekonomia -
Estrategia energetikoa
EAEko eraikin publikoetako energia elektriko guztia berriztagarria izango da
Eusko Jaurlaritzak 73,5 milioi euro bideratuko ditu 2020 eta 2021ean sektore publikoaren sistema energetikoa eraginkorragoa eta jasangarriagoa izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, eta hemendik aurrera EAEko Administrazioak eta arlo publikoak beren eraikin eta instalazioetan erabiliko duten energia elektriko guztia, ehuneko ehun, iturri berriztagarrietatik sortutakoa izango dela iragarri du. 73,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako 2020 eta 2021ean.
Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartutako akordioaren helburua bikoitza da; batetik, energia elektrikoaren erosketa zentralizatu bat egitea sektore publiko osoarentzat, eta, bestetik, energetikoki jasangarriagoa den Euskal Administrazio Publiko baterantz aurrerapausoak ematea.
Helburu horiek Jaurlaritzaren Estrategia Energetikoa 2030 planean jasota daude. Gurean zerbitzuen sektoreak kontsumitzen duen energiaren % 30 Administrazioak erabiltzen du. Beraz, urrats garrantzitsua dela azpimarratu dute, larrialdi klimatikoari aurre egiteko ere baliagarria izango baita.
2008az geroztik, Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarriak barneratu ditu Euskal Sektore Publikoko eraikinetako eta instalazioetako energia-horniduraren kontratazioan.
"Aurre egiten ari garen erronka premiazkoena eta konplexuena da, zalantzarik gabe", esan du Josu Erkorekak ingurumenarekiko errespetua eta klima-aldaketaren harira.