Ekonomia -
Bigarren greba eguna
'Metalaren ekoizpena geldituta dago Bizkaian', sindikatuen arabera
Piketeek barrikadak jarri dituzte Berrizen, Zaldibarren, Igorren eta Zamudion, eta Ertzaintzak 30 lagunetik gora identifikatu ditu. Sindikatuek Urkullu lehendakariaren adierazpenak kritikatu dituzte.
AGENTZIAK
Bizkaiko Metalaren sektoreko greba deitu duten sindikatuek esan dute bost greba egunetako bigarrenean ere "gehiengoak" egin duela bat protestarekin, "erabateko arrakasta" izan duela deialdiak. "Lan-hitzarmen duina", soldatak eguneratzea, genero berdintasuna eta prekarietatea amaitzea eskatzeko egin duten lanuztearen jarraipena % 85ekoa izan omen da.
Gaurko bigarren jardunaldi honetan, negoziazio mahaian dauden ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuetako ordezkariekin batera, elkarretaratze eta manifestazioak egin dituzte Erandion eta Zornotzan.
Erandioko protesta eguerdia baino lehentxeago abiatu da Metro geltokitik, eta bi kilometro egin ditu Navacel enpresaren egoitzara iritsi arte, Astrabuduan, eta gero udaletxeko plazaraino joan dira Itsasadarreko errepidetik.
Manifestazioaren aurretik, ELA, CCOO, LAB eta UGTk Industrian dituzten bozeramaileek begi onez jo dute bigarren greba eguneko jarraipena, eta Iñigo Urkullu lehendakariak patronala defendatuz egindako adierazpenak kritikatu dituzte.
Mikel Etxebarriak (ELA) esan du sektoreko langileek berriro erakutsi dutela "erabat mobilizatuta" daudela, eta patronalari "negoziaziorako benetako borondatea erakusteko" eskatu dio, "sindikatuaren puntuak justuak eta egingarriak direlako, eta patronalak erantzun positiboa eman beharko liokeela iritzi diogulako".
Iker Gonzalo CCOOren ordezkariak, bere aldetik, azpimarratu du "Bizkaiko poligono eta enpresak berriro itxi" dituztela gaurkoan, eta horrek agerian uzten duela "jendea patronalaz eta negoziazio mahaian duen jarreraz nazkatuta" dagoela.
Iratxe Azkue LABekoak esan du bigarren lanuztea "arrakastatsua" izan dela, eta langileek "erantzun argia" eman dietela patronalaren "gezurrei: "Gezurren gainetik, kalera atera dira eta kaleak bete dituzte, lantegia hustuz, gezur horiek ez gaituztelako geldituko".
Bestalde, Jose Maria Rojo UGTren ordezkariak esan du langileek "konpromisoa” erakutsi dutela berriro "lan baldintzen eguneratzearekin eta enpleguaren egonkortasunera bideratutako aldarrikapenekin".
Patronala
Bizkaiko Metalaren patronalak, berriz, "pikete biolentoen" jokabidea salatu du, Durangaldekoen jarrera bereziki.
Gainera, sindikatuek jarraipena % 85 ingurukoa izan dela esan duten arren, patronalak % 20ra jaitsi du portzentajea, eta "piketeek baldintzatua" izan dela adierazi du.
Patronaletik esan dute gaur istilu "larriak" izan direla berriro "pikete biolentoen erruz". Talde horien helburua "ahal duten enpresa gehien kaltetzea" dela uste du patronalak, eta horregatik egun bakoitzean "puntu desberdinetan" jarduten dutela.
BIDEOA: Barrikadak Zamudion, Bizkaiko metalgintzaren bigarren greba egunean
Gurutzatutako edukiontziak, Zamudioko parke teknologikoan. Argazkia: @ikersalgadoser1
Istiluak
Ertzaintzak 14 langile identifikatu ditu Berrizen, Zaldibarren, Igorren eta Zamudion gaurko greba egunaren hasieran.
Ertzaintzak 5 lagun identifikatu ditu Berrizen, beste hainbeste Zaldibarren, bi Igorren, eta gainerakoak Zamudioko Teknologia Parkearen inguruan.
Geroago, goizeko hamarrak aldera, beste 20 bat lagun identifikatu ditu Abadiñon, piketeek enpresa batean kalteak egin ostean.
EH Bilduk Urkulluren "zinismoa" salatu du
Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak Urkulluren "zinismoa" salatu du, "prekarietatea sortzen dutenen ondoan" jartzeagatik, Bizkaiko metalaren patronalari erreferentzia eginez.
Ohar batean, Casanovak kritikatu du Urkulluk sindikatuen "akordiorako borondatea" ukatu izana, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere adierazpenok babestu izana.
Bien balorazioak "onartezinak eta lotsagarriak" direla iritzi dio legebiltzarkide abertzaleak, "beste behin patronalaren alde, bere interesak defendatzen, eta langileen aurka" jarri direlako. Horregatik, lehendakaria "patronalaren bozeramaile onena" dela eta "negozazio kolektibo batean gobernuak izan behar duen neutraltasuna urratu" izana gaitzetsi du.
Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa, Erandion. Argazkia: @LABsindikatua
KPI gehi 2 puntuko soldata igoera tabletan eta KPI gehi 1 benetako soldatan, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasunaren eta aldi baterako lan-enpresen kontrola eta lan-osasun zein genero berdintasuna lortzeko "neurri eraginkorrak" eskatzen dituzte sindikatuek.