Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena % 85ekoa da, sindikatuen arabera

Urkullu lehendakariak zalantzan jarri du sindikatuen negoziaziorako borondatea, eta LABek bere dimisioa eskatu du patronalaren alde lerrokatu eta langileei "bizkarra emateagatik".

Bizkaiko metalgintzako langileen protesta gaur Bilbon. Argazkia: EFE
Bizkaiko metalgintzako langileen protesta Bilbon, gaur
Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena % 85ekoa da, sindikatuen arabera

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetarako deitutako bost greba egunetako lehena dute gaur Bizkaiko metalgintza sektorean, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Horien arabera, grebaren jarraipena % 85ekoa izaten ari da. Jarraipenari buruzko datu zehatzik eman gabe, FVEM Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioko presidenteak Radio Euskadin adierazi duenez, jarraipena ez da erabatekoa izaten ari.

Sindikatuek Bilbon deitutako manifestazioa abiatu baino lehen eman dituzte jarraipenaren datuak. Mobilizazioa 11:30ean hasi da Euskadi plazatik, eta "pentsiodunen marearekin bat egin dute Arriagan" amaieran. Pentsiodunak udaletxearen aurrean kontzentratu dira, eta Areatzatik joan dira gero metaleko langileekin Arriaga plazan bat egiteko, eta komunikatu bana irakurri dute bertan, elkarri elkartasuna adierazi eta aldarrikapen komunak nabarmentzeko.

Sindikatuen hitzetan, langileen % 85ek egin dute deialdiarekin bat, "enpresa txiki zein handietan". Gainera, Durangaldean ia erabateko jarraipena izan dela esan dute. "Gure eskaerak bidezkoak eta egingarriak dira. Patronalak edukiekin jantzi behar ditu bere proposamenak", nabarmendu dute.

Goizean, piketeek barrikadak jarri dituzte Elorrion eta Iurretan. Elorrion, su eman diete pneumatikoei, eta N-636 errepidea moztu dute. Pneumatikoak erretiratu eta bidea garbitu ostean, errepidea zabaldu dute. Iurretan, N-634 errepidea moztu dute, barrikada batekin, ertzainek erretiratu eta bidea zabaldu duten arte.

Durangon, hainbat edukiontzi gurutzatu dituzte errepidean, horietako batzuk sutan. Halaber, Larrasoloeta kalean esaterako, hainbat ibilgailu gurutzatu dituzte. Horren harira, Ertzaintzak bi pertsona identifikatu, eta horien kontrako izapideak abiatu ditu, ikertu gisa.

Bideoa | Edukiontziak erre dituzte Durangon, Bizkaiko metalgintzaren grebaren hasieran

Edukiontziak erre dituzte Durangon, Bizkaiko metalgintzaren grebaren hasieran
Edukiontziak erre dituzte Durangon, Bizkaiko metalgintzaren grebaren hasieran
Edukiontziak erre dituzte Durangon, Bizkaiko metalgintzaren grebaren hasieran

0:39

50.000 langiletik gora daude grebara deituta Bizkaiko metalgintzan gaur hasi eta ostiralera arte. Maiatzean gatazka hasi zenetik, seigarren lanuztea da gaurkoa. Aurretik, beste bost greba egun egin zituzten maiatzean eta ekainean.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deialdi "argia eta sendoa" egin diete langileei, "oso urrun" ikusten baitute lan-hitzarmena sinatzeko eguna.

Iñigo Urkullu lehendakariak lan-gatazka horren inguruan hitz egin du Forum Europan eskaini duen hitzaldian. Horren esanetan, patronalak bere esku dagoen guztia egin du azken hilabeteetan akordioa lortzeko. Aitzitik, zalantzan jarri du sindikatuen borondatea.

Adierazpen horien aurrean, LABek lehendakariaren dimisioa eskatu du, langileei "bizkarra" eman diela eta "patronalarekin lerrokatu" dela iritzita.

"Azken orduotan langileei emandako erantzun sendo eta txalogarriarekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean egindako adierazpenak salatu nahi ditugu, publikoki eta oso argi Confebaskekin eta metalaren patronalarekin lerrokatu delako, langileengandik oso urrun eta patronalaren aginduetara dagoela erakutsiz", adierazi du LABek.

Mobilizazioak

Astean zehar hainbat manifestazio deitu dituzte Bilbon zein beste herri batzuetan.

Bihar, asteartea, manifestazioak egingo dituzte Zornotzan eta Erandion, 11:30ean. Zornotzakoa Zelaieta parketik aterako da; Erandiokoa, berriz, metro-geltokitik.

Asteazkenean, urriaren 2an, elkarretaratzea deitu dute Bilboko Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean.

Ostegunean, urriaren 3an, bi manifestazio deitu dituzte: Sestaon eta Basaurin, 11:30etik aurrera.

Ostiralean, urriaren 4an, bi zutabeko manifestazioa egingo dute 11:30ean. Zutabe bat San Mamesetik aterako da, eta bestea, Deustutik. Jesusen Bihotza plazan batuko dira biak.

KPI gehi 2 puntuko soldata igoera tabletan eta KPI gehi 1 benetako soldatan, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasunaren eta aldi baterako lan-enpresen kontrola eta lan-osasun zein genero berdintasuna lortzeko "neurri eraginkorrak" eskatzen dituzte sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Metalgintza albisteak