Ekonomia -
Funtzio Publikoaren mahaia
Sindikatuek errefusatu egin dute langile publikoen soldatak % 2 igotzea
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk salatu dute igoera "Estatuak baimendutakotik behera" dagoela. Jaurlaritzak, berriz, proposamena "anbizio handikoa eta eskuzabala" dela uste du.
agentziak | erredakzioa
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek errefusatu egin dute Jaurlaritzak langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko proposamena: 2020rako % 2ko soldata igoera, Itzarriko ekarpena soldataren % 1,5ekoa izatea urtea amaitu aurretik, eta % 2koa 2020 amaierarako.
Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrak bilera egin du gaur Administrazio Orokorreko (Lakua), Ertzaintzako, Hezkuntzako, Justiziako eta Osakidetzako 70.000 langile publikoen lan-baldintzak negoziatzeko.
Hitzordu horretan, Jaurlaritzak sindikatuei proposatu die 2020ko aurrekontu orokorretan % 2ko soldata igoera eta Itzarriko ekarpenen handitzea jasotzea, 90 milioi eurotik gorako partida batean.
Jaurlaritzak azpimarratu du proposamenak langileon "diru-sarrerak hobetzen" dituela, eta "erreferentziazko" soldatak direla "80.000 beharginek lan egiten duten sektore publiko osoarentzat".
"Anbizio handiko proposamena da, eskuzabala, eta are gehiago soldataren igoera bizitzaren kostuaren eta KPI aurreikuspenen igoeraren gainetik dagoela kontuan izanda", adierazi du Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak.
Zearretak azaldu duenez, sindikatuen ezezkoa jaso ostean, Jaurlaritzak "gogoeta" prozesua jarriko du abian funtzionarioen soldatak 2020ko aurrekontuetan nola sartu erabakitzeko. Azkenean igoera % 2tik beherakoa izango ote den galdetuta, sailburuordeak ez du ezer aurreratu, eta soldatak aurrekontu proiektuan nola kokatu pentsatuko dutela esatera mugatu da.
Sindikatuak
Sindikatuek, euren aldetik, "atsekabetuta" utzi dute mahaia, eta Jaurlaritzak negoziatu nahi ez izatea eta haiek aurkeztutako proposamenak errefusatzea gaitzetsi dute.
ELA sindikatuak kritikatu du Jaurlaritzak ez duela aipatu ere egin behin behineko langileen kontsolidazioa, nahiz eta "Estatuko eta Europako behin behinekotasun tasa altuenetakoa izan sektore publikoan" (% 35ekoa zerbitzu batzuetan).
Era berean, sindikatuak kritikatu du % 2ko soldata igoera "Estatuak baimendutakotik behera" dagoela, Itzarriko ekarpena ez dela adostutakora iristen, eta ez dela neurririk hartzen galdutako erosteko ahalmena (% 13koa 2018tik) berreskuratzeko.
Gorka Berasategik ere (LAB) azpimarratu du ez dela krisitik galdutako diru-sarrera maila berreskuratzen, eta ez dutela jakinarazi zein den ordutik langile publikoekin duten zorra. Gainera, Jaurlaritza CCOOk, UGTk eta CSIFek Estatu mailan egindako akordioa aplikatzera mugatzen dela salatu du.