Ekonomia -
Zergak
Bizkaiko Aldundiak Athletic kanpoan utziko duen arau fiskal berria egingo du
EAJk eta PSE-EEk akordioa egin dute arau berria idazteko. "Talentua erakartzea" izango du helburu, baina "beste kolektibo batzuengan eraginik izan gabe".
Agentziak | Erredakzioa
EAJren eta PSE-EEren zuzendaritzek akordioa egin dute gaur 'startup'ei, ekintzaileei, kudeatzaileei eta inbertitatzaileei Bizkaian zerga araudi berezia emateko, baina beste kolektiboak kanpoan utzita, hau da, Athletic Club kanpoan utzita. Hori horrela, hainbeste polemika eragin duen arau fiskala aldatu egingo dute.
Aldundian agintea duten alderdi horiek Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztuko dute arau berria, "talentua erakartzea" helburu duena, baina "beste kolektibo batzuengan eraginik izan gabe", PSE-EEko eta EAJko iturrietatik jakinarazi dutenez.
Orain arte, Foru Aldundiak gehienez 150.000 euro uzten zituen zergarik gabe, baina muga hori kendu zuen abuztuan onartutako dekretuarekin. Hori horrela, aurrerantzean errenta mota horiek ez dute PFGZ ordainduko, diru-sarreraren zenbatekoa dena delakoa izanda ere.
PSE-EEk joan den astean kritikatu zuen aldaketa, eta hura "berrikusteko eta zuzentzeko" eskatu zioten EAJri. Astearteko Gobernu bileraren ostean, Elena Unzueta Foru bozeramaileak laster bilduko zirela iragarri zuen sozialisten eskaria jorratzeko.
Gipuzkoako Aldundiak ere araua kentzeko eskatu zion Bizkaikoari, horrek "kudeatzeko zaila izango litzatekeen desarmonizazio fiskala" eragiten zuelako EAEko hiru lurraldeen artean.