Ekonomia -
Polemika
EAJk eta PSEk arau fiskala moldatzea adostu dute, baina helburua aldatu gabe
Aldundiak arauari eutsiko dio inbertsio kudeatzaileak eta 'start up'ak erakartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak errenta irregularrei zergak kentzea erabaki ostean sortutako polemikan atal berri bat idatzi dute gaur.
EiTBk jakin ahal izan duenez, gaur arratsaldean azken orduko bilera egin dute EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek Aldundiko gobernuan sortutako krisia bideratzeko.
Diru-sarrera handiko errenta irregularrei zergak kentzeko egindako erreformaren harira, jeltzaleek eta sozialistek araua moldatzea adostu dute, baina funtsari eutsita, hau da, inbertsio kudeatzaileak eta 'start up'ak erakartzeko helburuarekin.
"Bizkaia hobea eta lehiakorragoa"
Elena Unzueta foru bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "Bizkaian ekintzailetza, enpresa berrien sorrera eta talentua bultzatzea" du helburu abuztuan onartutako dekretuak. "Bizkaia hobea eta lehiakorragoa nahi dugu, eta horretarako neurriak hartu behar ditugu enpresak, inbertsio funtsak eta talentua Bizkaira erakartzeko, bestela ez luketelako egingo", azaldu du.
Foru bozeramaileak kritikatu du "aldaketa fiskalak izango lukeen ondorioetako bati" erreparatu zaiola bakarrik, alegia Athleticeko jokalariei mesede egingo liekeela, baina azpimarratu du Foru Aldundiarentzat hori ez dela "garrantzitsuena". Unzuetaren arabera, "garrantzitsuena Bizkaiko enplegua sortzen laguntzea da, eta hori da, hain zuzen, neurri horren helburua, ez beste ezer".
PSE-EE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia haserre mintzatu da gaur polemikaz galdetu diotenean. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, "zintzotasun falta" egotzi dio ahaldun nagusiari eta Ogasun diputatuari. Salatu duenez, "aldaketak abuztuan egin zituzten, testu oso kriptikoa erabiliz eta PSE-EErekin negoziatu gabe".
Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuan onartu zuen Diru-bilketaren Araudiaren moldaketa. Ordura arte, "nabarmen irregularrak" zituzten errentak jasotzen zituzten zordunek irabazien erdien gainean zegokien zerga ordaindu behar zuten (beste erdia salbuetsita zuten), betiere 300.000 eurotik beherako irabazia bazen. Bizkaiko Aldundiaren aldaketak, ordea, muga hori ezabatu zuen, eta aurrerantzean errenta mota horiek ez dute PFEZa ordainduko, diru-sarreraren zenbatekoa zein den gorabehera.
Sozialistek euren ezinegona adierazi zuten joan den astean, eta "zuzenketa" eskatu zuten. Gaur bertan, foru gobernuan ordezkaritza duten bi diputatu sozialistek araua bertan behera uzteko galdegin dute.
Gipuzkoa
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak Bizkaikoari formalki eskatuko dio araua atzera botatzea, EAEko hiru lurraldeen arteko "zerga desarmonizazioa kudeaezina" izango litzatekeelako.