Ekonomia -
Pentsioak
Batez besteko pentsioa 1.234 eurokoa da EAEn, eta 1.141 eurokoa Nafarroan
Euskadik batez besteko pentsiorik altuena du, Estatuko autonomia-erkidegoetakoarekin alderatuta; Nafarroa laugarren dago zerrendan. 559.549 pentsiodun daude EAEn, eta 137.133 dira Foru Erkidegoan.
eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoan, batez besteko pentsioa 1.234,38 eurokoa da, 2019ko irailaren 1eko datua eguneratuta, eta Nafarroan, aldiz, 1.141,16 eurokoa da, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak argitaratutako datuen arabera. Euskadik batez besteko pentsiorik altuena du, gainerako autonomia-erkidegoetako datuekin alderatuta, eta 559.549 pentsiodun ditu; Nafarroan, berriz, 137.133 pentsiodun daude, eta batez besteko pentsiorik altuenen zerrendan laugarren postuan dago.
Duela urtebeteko datuekin alderatuta, batez besteko pentsioa % 3,7 igo da Euskadin azken 12 hilabeteotan, eta igoera % 3,6koa izan da Nafarroan. Pentsioen kopuruari dagokionez, azken urtean % 1,2 hazi da EAEn eta % 1,3 Nafarroan.
Euskadik eta Nafarroak Estatuko batez besteko pentsioak baino handiagoak dituzte; izan ere, Estatu mailan 993,11 eurokoa da (% 3,73 igo da urtebetean). Euskadi ez ezik, Asturias (1.171 euro) eta Madril (1.167) daude Nafarroaren aurretik batez besteko pentsioen zerrendan. Estatuan, erretiroagatik jasotzen diren pentsioak, batez beste, 1.140 eurokoak dira.