Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bizkaiko metalaren patronalak egindako eskaintza ez da nahikoa, sindikatuen ustez
Asteazkenean berriro batzartuko dira, eta akordiorik ezean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek datorren asterako deitutako bost eguneko greba deialdiari eutsiko diete.
EITB.EUS
Bizkaiko Metal arloko Enpresen Federazioak sektoreko lan-hitzarmena berritzeko eskaintza egin die gaur ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuei, baina horien ustez ez da nahikoa, eta astebete besterik ez da geratzen sektorean bost eguneko greba abiatzeko.
50.000 langiletik gora daude grebara deituta irailaren 30etik urriaren 4ra, eta gogoratu behar da beste bost greba egun egin zituztela maiatzean eta ekainean.
Patronalak gaurko negoziazio mahaian "proposamen osoa eta berria" aurkeztu du, eta "sindikatuek aldarrikatzen dituzten gai guzti-guztiak jorratzen dira bertan, akordioa lortzeko asmoz", adierazi du Federazioak prentsa-ohar batean.
Horren aurrean, sindikatuek uste dute proposamena aldarrikatzen dutenetik urrun dagoela. Hori dela eta, greba deialdiari eusten diote.
Dena dela, sindikatuek berriro aztertuko dute proposamena asteazkenean negoziazio mahaian elkartu baino lehenago.
Sindikatuen arabera, soldatei buruzko eskaintza oso urrun dago eskatzen dutenetik: KPI + 2 puntu tauletan, eta KPI + 1 soldatetan.
Bestalde, ELAk eta UGTk jakinarazi dute patronalak lehenengo aldiz subrogazioaren gaia jarri duela mahai gainean, baina egin duen proposamenaren eragina "oso mugatua" izango litzatekeela, administrazio publikoen subkontratei bakarrik eragingo lielako.
Patronalak, berriz, pentsatzen du proposamena "nahikoa" izan beharko litzatekeela lan-hitzarmena sinatzeko. Horregatik, greba bertan behera uzteko eskatu du.
Baina sindikatuek "oso urrun" ikusten dute lan-hitzarmenaren sinadura proposamen horrekin, oraindik eskaintza "sakon" aztertzeke duten arren.
LABek ere uste du patronalaren planteamendua "gutxiegi" dela, eta lan-hitzarmen "duina" lortzeko bidea "borroka egiten jarraitzea" dela: "Ez gara geldituko Bizkaiko metaleko langileek merezi duten lan-hitzarmena izan arte".
Manifestazioa, Bilbon
Milaka pertsona batu ziren Bizkaiko metalgintzako langileek Bilbon, larunbat goizean, egin zuten manifestaziora, lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. 50.000 langilek egiten dute lan metalgintzaren sektorean Bizkaian.
Protesta hasi baino lehen, gaurko bileran "erantzun positiborik" eman ezean "Bizkaiko metalgintzaren borrokak aurrera" jarraituko duela ohartarazi zioten sindikatuek patronalari.
KPI gehi 2 puntuko soldata igoera tabletan eta KPI gehi 1 benetako soldatan, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasunaren eta aldi baterako lan enpresen kontrola eta lan osasun zein genero berdintasuna lortzeko "neurri eraginkorrak" eskatzen sindikatuek.
"Prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen duina izango da", adierazi zuten sindikatuek. Sindikatuen ahotan, orain arte egindako grebekin FVEM proposamen berria aurkeztera behartu dute, "lotsagarria eta eskasa, baina egin behar izan du".