Ekonomia -

SALAKETA

Errenta baxuenak Etxebidetik kanpo utzi nahi dituztela salatu du Kaleratzeak Stopek

Plataformak salatu du Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretu proiektuak "nabarmen gogortzen" dituela Etxebiden, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan, izena emateko baldintzak.

Babes Ofizialeko Etxebizitz batzuk, Gasteizen.
Babes Ofizialeko Etxebizitz batzuk, Gasteizen.
Babes Ofizialeko Etxebizitz batzuk, Gasteizen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak errenta baxuenak dituzten familiak Etxebidetik kanpo utzi nahi dituela salatu du Kaleratzeak Stop- Euskadiko Stop Desahucios plataformak. Plataformak dio euskal Gobernua prestatzen ari den proiektuak "nabarmen gogortzen" dituela Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emateko baldintzak eta "Etxebizitzaren Euskal Legeak aurreikusten duen eskubide subjektiboa erabat urratzen" duela.

Komunikabideei igorritako ohar batean, Kaleratzeak Stop plataformak gogoratzen du Eusko Jaurlaritzak orain arte zerabilen "adjudikazio sistema" eredutzat hartu eta "beste administrazio batzuetan erabiltzen hasi behar zirenean", Etxebizitza Sailak "harri eta zur" utzi dituela guztiak eredugarritasun hori lehertu duten "bi bonba" botaz.

Batetik, "Etxebiden izena emateko baldintzak gogortu nahi dituzte, horretarako behar diren gutxieneko diru-sarrerak igoz, bai alokatzeko bai erosteko ere", eta bestetik, "eskubide subjektibo horren arabera onuradun ez diren familia unitateentzat etxebizitza kupoak erreserbatzeak izen-ematearen antzinakotasunak izan beharko lukeen lehentasuna urratzen" duela.

Alokairua dela "errenta baxuena duten familien babes bakarra" gogoratu du Stop Desahucios Euskadi taldeak eta horiei lehen gutxienez 3.000 euro irabaztea eskatzen bazitzaien, orain, proiektu berrian, gutxienez 9.000 irabaztea eskatzen zaiela salatu dute. Eskatzen zaien diru-sarrera minimoa hirukoiztu egin nahi dutela, alegia.

Gainera, plataforma honen iritziz, "Eusko Jaurlaritzak ez du ulertu edo ez du aplikatu nahi etxebizitzaren eskubide subjektiboaren onuradun izatearen kontzeptua. Eskubide subjektibo honen oinarria, hain zuzen ere, izena eman dutenen artean lehentasunak ezartzea da, antzinakotasuna, diru-sarrerak, eta familiako kide kopurua kontuan izanda, eta lehentasun horiek errespetatuz etxebizitza bat ematen zaie eta ezin bada merkatu librean alokatu ahal izateko diru-laguntza nahikoa; baina orain, 250 euro eman nahi dizkiete guztiei, diru-sarrerak, familiako kideak eta alokairuak eurak kontuan izan gabe" salatu dute.

"Etxebizitzarako eskubide subjektibo horren baitan onuradun ez diren familia unitateentzat etxebizitza kupoak erreserbatzea horren guztiaren kontra doa, eta auzitegietan erraz salatzekoa litzateke, Legearen beraren kontra joateagatik. Legea gustuko ez badute, EAJk eta PSEk alda dezatela Legea bera, baina ez diezagutela adarrik jo" ohartarazi du plataformak.

"Jaurlaritzak denbora gehiago ematen du beharrean dauden familia berriei sarbidea oztopatzen, etxebizitza sozial gehiago eraikitzen baino" salatu du Kaleratzeak Stopek publiko egindako oharrean.

Gainera, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat erosteko dagoen diru-sarrera muga, 39.000 eurokoa, altuegia dela ere kritikatu dute: "Diru-sarrera horiek dituztenek ez lukete arazorik izan behar merkatu librean alokatzeko edo erosteko". Aitzitik, beheko muga, gutxiengo diru-sarrerena desagertu egin beharko litzatekeela esan du plataformak, uneren batean diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) delakoa galtzen badute ere familia horiek.

"Gure esku dauden aukera guztiak erabiliko ditugu proiektu honen kontra egiteko, baita auzitegietara jotzea ere" amaitu dute oharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Kaleratzeak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak Etxebizitzen merkatua