Ekonomia -
45. protesta eguna
163 'txaleko hori' atxilotu dituzte Parisen izan diren protestetan
7.500 agente ari dira Paris zaintzen, ibilgailu blindatu eta guzti. Metroaren 30 bat geltokitako sarrera ere itxi dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko Prefekturak jakitera eman duenez, 163 pertsona atxilotu dituzte 18:00ak arte, 'txaleko horiek' deitutako manifestazioen baitan.
Larunbat honetan, izan ere, 45. protesta eguna zuten deituta 'txaleko horiek' baina manifestazioak ez dira baimenduak izan eta Poliziak 300 bat pertsona sakabanatu ditu Madeleine plazaren inguruetan, gas negar eragilea erabiliz.
Ondoren, istiluak izan dira Gobelins etorbidean eta suhiltzaileek hainbat barrikada itzali behar izan dituzte, manifestari batzuk sua eman baitiete hainbat zaborrontziri.
Zabaldu denez, atxilotuen artean lanetik kanpo (zibilez jantzita) zegoen Poliziako kapitain bat dago. Agenteak Eliseo Zelaien inguruan atxilotu dute eta "irainak" eta "matxinada" leporatzen diote.
'Txaleko horiek' deitu dituzten protesta horiek direla medio, 7.500 agente zabaldu jarri dituzte zaintza lanetan gaur Parisen, blindatutako ibilgailu eta guzti, eta 30 bat metro-geltoki ere itxi ditu Poliziak. Dena dela, "gertaera isolatu batzuk kenduta, lasaitasuna bermatuta" dagoela esan dute agintariek.
Hiru manifestaziok bat egin dute
'Txaleko hori'en mobilizazioez gain, beste bi manifestazio ere izan dira gaur Parisen, Langile Fronteak pentsioen erreformaren kontra deitutakoa bat, eta aldaketa klimatikoaren kontrakoa, bestea. 15.200 pertsonak hartu dute parte azken horretan baina beltzez jantzitako "infiltratuak" agertu direnean, martxa bertan behera uzteko eskatu diete Greenpeacek eta Klimaren aldeko Gaztedia erakundeak euren jarraitzaileei.
2018ko azaroan hasi ziren 'txaleko horien' protestak dieselari ezarritako zerga igoeragatik protesta egiteko eta abenduan gora egin zuten protestek, liskarrek, errepresioak eta atxiloketek. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak neurri ekonomiko berriak iragarri zituen ondoren, eta protestak gutxitu egin badira ere, ez dira desagertu.
Gaur, hain zuzen ere, 'txaleko horien' protestetan hasieratik parte hartzen ari den jubilatu bat elkarrizketatu du Nerea Reparaz EiTBren Parisko korrespontsalak. Hemen bideoa: