Ekonomia -
Zerga murrizketa
Bizkaiko Ogasunak erantzun du araudia ez zela Athleticeko jokalariengatik aldatu
Neurria "orokorra" dela eta "talentua erakartzea" duela helburu argudiatu du. Bestalde, Gipuzkoak dagoeneko aurreratu du ez duela araudi hori aplikatuko.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Aldundiko Ogasun Sailak adierazi du 'errenta irregularren' inguruan hartutako neurria "orokorra" dela, ez dela Athleticeko jokalariei zuzendua, baizik eta "talentua erakartzeko" eta 'startup'ak eta "enpresak sortzeko ekosistema mesedegarria" izateko egin dela.
Neurriak Athleticeko jokalariei mesede egiteak sortutako polemika dela eta, Ogasuneko iturrietatik azpimarratu dute "neurria orokorra" dela, eta ez dute zehaztu nahi izan nori egingo dion mesede eta nori kalte.
Bizkaiko Ogasunak abuztuan onartutako neurriak hautsak harrotu ditu. Izan ere, diru-sarrera bereziak dituzten herritarrei eragiten die neurriak, adibidez, Athleticeko futbol jokalariei. Orain arte, Foru Aldundiak gehienez 150.000 euro uzten zituen zergarik gabe, baina muga hori kendu du orain. Hori horrela, aurrerantzean errenta mota horiek ez dute PFGZ ordainduko, diru-sarreraren zenbatekoa dena delakoa izanda ere.
Gipuzkoak ez du araua aldatuko
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak dagoeneko aurreratu du ez duela PFGZren araua aldatuko errenta irregularren kasuan, eta 300.000 euroko mugari eutsiko dio.
Gipuzkoako Aldundiak uste du egungo arauak "Gipuzkoako gizartearen beharrei eta eskaerei" erantzuten diela, eta "errentaren gaineko zergaren progresibitateari eustea" bilatzen duela.
Araba
Moldaketa aztertzen ari dela adierazi du Arabako Ogasun Departamentuak, EAEko "beste bi lurraldeek egiten dituzten zerga-arau moldaketa guztiekin" egiten duten gisan; aldaketa egitekotan, 2020tik aurrera egingo litzatekeela adierazi du, datorren urtean berrikusi behar baitute EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako zerga erreforma.