Ekonomia -
LAN GATAZKA
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek hilabeteko greba abiatu dute
30 greba egun horiei aurrez egindako 88 egunak batu behar zaizkie. Guztira, 118 greba egun izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaurtik eta urriaren 18ra bitartean, ELA sindikatuak grebara deitu ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak. 30 greba egun horiei aurrez egindako 88 egunak batu behar zaizkie. Hilabeteko greba amaitutakoan, 118 greba egun izango dira guztira. Lan-baldintzak hobetzen ez badira, ez dute baztertzen greba luzatzea.
ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, gaur elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Halaber, manifestazioa ere egin dute "egoera hau eragin duena foru erakundearen arduragabekeria" izan dela salatzeko.
ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera gogor kritikatu du. Zahar-etxeen kudeaketa "enpresari lagunei" ematen diela eta "prekarietatea, ezberdintasunak eta soldata-arrakala" bultzatzen duela salatu du.
Halaber, sindikatuak esan du lan-hitzarmenak bi urte baino gehiago daramatzala blokeatuta eta Aldundiak "bere esku zegoen guztia" egin zuela ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lortu zuen akordioa "zapuzteko". Ildo berean, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak alde guztiekin deitu zuen bilerara Aldundiko ordezkaririk joan ez zela kritikatu du.
Bestalde, sindikatuaren esanetan, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak aurreratu zuten uztaileko negoziazio mahaian "aurrerapausoak" egongo zirela; patronalek, aldiz, urtarriletik "ezer berririk" ez zegoela esan zuten.
Zahar-etxeetako langileak "amaierara arte" iritsiko direla ziurtatu du ELAk.