Ekonomia -
KONTRATU BERRIA
CAFek 700 milioi euroko kontratua lortu du Frantzian, 28 tren egiteko
Kontratuaren arabera, CAFek beste 75 tren egiteko aukera izan dezake Bordele-Marseilla ardatzerako. Frantzian lortzen duen lehen kontratu handia da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CAFek 28 tren elektriko egingo ditu SNCF Frantziako tren konpainia publikoarentzat, 700 milioi euroren truke, Beasainen egoitza duen enpresak ohar bidez jakinarazi duenez.
Tren berrietako batzuk Beasaingo lantegian egingo dituzte eta beste batzuk, ostera, Bagneres de Bigorreloseko lantegian. Aurrez, konpainiak 30 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo ditu aipaturiko Frantziako fabrikan.
Kontratua oraindik ez dute sinatu, eta SNCFko administrazio kontseiluak berretsi beharko du tren eskaria urriaren 24an egingo duen bileran. Kontratuaren arabera, CAFek beste 75 tren egiteko aukera izan dezake Bordele-Marseilla ardatzerako.
Lehendabiziko 28 trenak 2023an hasiko dira erabiltzen, eta gaur egungo trenak ordezkatuko dituzte (batzuek 40 urte baino gehiago dituzte).
Bestalde, CAFek Frantzian lortzen duen lehen kontratu handia da, hain zuzen ere, lehiakide duen Alstom enpresaren etxean.