Ekonomia -
Mahats uztaren jaia
Arabako Errioxako ardo zurien esportazioek % 5 egin dute gora
Ardo gorri eta beltzen salmentek, ostera, behera egin dute, baina kanpo merkatuetan salneurriak % 3,4 egin du gora.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Errioxako ardo zurien esportazioek % 5 egin dute gora bolumenean, eta % 9 salneurrian, urteko lehen seihilekoan. Ardo gorri eta beltzen salmentek, aldiz, behera egin dute, baina kanpo merkatuetan salneurriak % 3,4 egin du gora.
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak jakitera eman ditu datuak Mahats Uztaren Jaian, Arabako Errioxan. Aurten Mañuetako herrian egin dute.
Gainera, Eusko Jaurlaritza HAZI Fundaziotik eskaintzen dituen zerbitzuen egituraketa prestatzen ari dela iragarri du Tapiak, Euskadiko ardo sektorearen bikaintasuna lortzeko laguntza bulego gisa.
Zentzu horretan, euskal ardo sektorean "ongi ardaztutako eta egituratutako" zerbitzu bat eskaintzearen garrantzia nabarmendu du sailburuak, Estatuko zein nazioarteko merkatuan presentzia hobetzeko, beti bikaintasunari, jasangarritasunari eta berezitasunari lotuta.
Arabako Errioxako ardoen esportazioen inguruko datuak jakinarazi ditu Tapiak. Urteko lehen seihilekoan ardo zurien bolumenaren eta salneurriaren "hazkunde esanguratsua" azpimarratu du sailburuak: "Nazioarteko merkatuan eskaria gero eta handiagoa da".
Mahats Uztaren Jaia, Mañuetan (Araba). Argazkia: EFE/Adrian Ruiz de Hierro
Horrela, esportazioek gora egin dute bolumenean (% 5) zein balioan (% 9), 2019ko lehen seihilekoan. "Bereziki ona izan da ardo horien bilakaera Kanada, AEB, Irlanda eta Erresuma Batuko merkatuetan, nahiz eta brexit-aren inguruko zalantzak izan", goraipatu du sailburuak.
Arabako Errioxako ardo beltz eta gorrien balioa areagotu da kanpo merkatuan, salneurriak % 3,4 egin du gora, litroko 6,09 eurotan kokatu arte. Horrek salmenten beherakada arindu du; izan ere, 58 milioi euro eta 9,5 milioi litro saldu dira.
Arabako Errioxako ardo zuri zein beltz eta gorriak batez beste Estatukoak baino garestiagoak dira; beltz eta gorrietan aldea handiagoa da (3,79 euro litroko Espainiakoak, 6,09 Arabakoak), zurietan (3,08 euro Estatukoak, 3,36 Arabakoak).
Salneurrien hazkundeak Euskadiko ardo sektorearen estrategia "emaitzak ematen" ari dela esan du Tapiak, euskal ardoak kontsumo segmentu ertain-altu batean kokatzeko helburuan.