Ekonomia -
lan-istripua
Langile bat hil da eta beste bat oso larri zauritu, Kasedako Viscofan enpresan
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hidrogeno sulfuroa zuten edukiontzi batzuetara erori dira bi langileak. 00:45 inguruan gertatu da ezbeharra.
EITB.EUS
Langile bat hil da eta beste bat oso larri zauritu Kasedako Viscofan enpresan izan den lan-istripuan.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, hidrogeno sulfuroa zuten edukiontzi batzuetara erori dira bi beharginak, eta gas toxikoa arnastu ondoren zendu da horietako bat, 45 urtekoa. Bestea, 54koa, Nafarroako Ospitalera eraman dute, oso larri.
Larrialdietarako zerbitzuak iritsi aurretik, enpresan zeuden beste behargin batzuek artatu dituzte bi langileok, eta suspertzen saiatu diren arren, bat tokian bertan hil da.
Foruzaingoak ikerketa zabaldu du, istripuaren nondik norakoak argitzeko. Hildako langilearen gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute, autopsia egitera.
Biktimen lankide, lagun eta familiei babesa adierazi die LAB sindikatuak, eta gertatutakoa argitzeko "berehala ikerketa sakona" abiatzea eskatu du.
Bestalde, lan-istripu larria deitoratu du CCOOk, eta, elkarrizketa sozialaren bidez, laneko ezbeharrei aurre egiteko egitasmo bat martxan jartzea aldarrikatu du sindikatuak.
Langilearen heriotza eta beste lankidearen zauri larriak deitoratu ditu UGTko Industria Federazioak agiri batean. Nafarroan lan-istripuek gora egin dutela salatu du sindikatuak.