Ekonomia -
Azpeitiko epaitegia
Eneko Goia, 'Bidegi auzian' lekuko gisa deklaratu ostean: 'Kontzientzia garbi daukat'
AP-1 autobidearen obretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak inoiz gauzatu ez ziren lan batzuengatik 30 milioi euro ordaindu ote zituen ikertzen ari da epailea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eneko Goia Donostiako alkateak lekuko gisa deklaratu du ostiral honetan Azpeitiko epaitegian, 'Bidegi auzia'ren baitan.
AP-1 autobidearen obretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak inoiz gauzatu ez ziren lan batzuengatik 30 milioi euro ordaindu ote zituen ikertzen ari da epailea. Garai hartan, Goia Errepideetako foru diputatua zen.
Goia bi orduz egon da deklaratzen. Denbora tarte horretan, epailearen nahiz akusazio partikularraren abokatuaren galderak erantzun ditu.
Epaitegitik atera denean, Goiak esan du saioa "normala" izan dela eta galdera guztiak "naturaltasun osoz" erantzun dituela. Halaber, "kontzientzia oso garbi" daukala azpimarratu du.
"Ulergarria da nire deklarazioak komunikabideen interesa piztu izana, baina dena normaltasunez joan da eta eskura dudan informazioa arazorik gabe kontatu dut", azaldu du. Hori bai, aitortu du epaitegi batean deklaratu behar izatea ez dela atsegina.
'Bidegi auzia' ikerketa fasean dago oraindik eta instrukzioa 2022ra arte luza daitekeela aurreikusita dago. Ikerketa 2014an abiatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduk zuzentzen zuenean.
Martin Garitano ahaldun nagusiaren foru gobernuak Eskoritza-Arrasate zatian eta Isuskitza tunelean irregulartasunak izan zirela antzeman zuen eta bi kereila aurkeztu zituen: bata, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, eta bestea, agiriak faltsutzeagatik.