Ekonomia -
Zergak
Bederatzi zerga % 4 igotzea planteatu du Gasteizko Udal Gobernuak
Zergak, oro har, % 1 igotzea proposatu du Exekutiboak. Hala ere, proposamenak oposizioko talderen baten babesa behar du aurrera ateratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
2020ko udal-ordenantza fiskalaren proposamena onartu du gaur Gasteizko Udal Gobernuak. Zergak, oro har, % 1 igotzea planteatu du Udal Gobernuak, eta horietako bederatzi % 4 areagotzea proposatu du zerbitzuen kostua estaltzeko.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Iñaki Gurtubai Ogasun zinegotziak proposamena aurkeztu dute prentsaurrekoan. Ekimenak oposizioko talderen baten babesa behar du aurrera ateratzeko. Horrela, hurrengo ekitaldian 1,8 milioi euro gehiago biltzea espero du Udalak.
Urteko KPIrekin lotuta, % 1eko igoera planteatu du Udal Gobernuak: 4 zerga lokal (ondasun higiezinen gaineko zerga, ibilgailuak, gainbalioa eta IAE) 22 tasa (horien artean, hirigintzako lizentziak, beilari eta zentro soziokulturalak erabiltzeko tasa) eta 14 prezio publiko. Beste bederatzi kasutan zergak % 4 areagotzea proposatu du.
% 4ko igoerak zabor bilketa, zabor tratamendu, hileta-zerbitzu eta pasabideei eragingo lieke.
Gainera, TAO, kirol instalazioak erabiltzeko prezioa, udal zentroetako jarduerak eta ikastaroak, ekipamendu zehatzak erabiltzeko tasa eta hilerriko eraikinak uzteko tasa zerrenda berdinean daude.
Gurtubaik gogorarazi duenez, guztietan diru-sarreren eta kostuen arteko desoreka handia dago. Horrela, arrakala hori pixkanaka-pixkanaka murriztea nahi du Udalak.
EAJren eta PSE-EEren 13 zinegotziek beste baten babesa behar dute gehiengo osoa lortzeko, eta proposamena onartzeko. Aurrekontua negoziatzeko bezperan akordioa lortzea espero du alkateak.
Hala ere, Elkarrekin Gasteiz igoeraren aurka agertu da ohar batean dagoeneko. "Familientzako igoera bidegabea da", kritikatu du koalizio moreak, "kalte larria" egingo dielako. Horregatik, “fiskalitate berde eta feminista bat” aldarrikatu du.