Ekonomia -

INE-ren DATUAK

Arrakala, Hego Euskal Herriko etxe aberatsenen eta txiroenen artean

Espainiako Estatistika Institutuak estatuko udalerri guztien errenta datuak kaleratu ditu eta aldeak nabarmenak dira Hego Euskal Herriko udalerrien eta familia-etxeen artean.

Getxo, errenta altuenetakoa duen udalerria. Artxiboko argazkia: Gonzalo Elorza
Getxo, errenta altuenetakoa duen udalerria
Errentarik altuenen eta baxuenenen mapa, herriz-herri

1:40

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) estatu osoko udalerri guztietako errenta datuak argitaratu berri ditu, kalez kale. Hego Euskal Herrian, aldeak nabariak dira bai udalerrien artean eta baita familia etxeen artean ere.

Estatistikak egiterakoan 2015 eta 2016 urteetako errenta datuak eta 2016ko eta 2017ko urtarrilaren 1eko errolda datuak hartu dituzte kontuan.

Lurraldez lurralde, Nafarroan daude desberdintasun handienak. Iruñeko Zabalgunearen eta Zarrakaztelu udalerriaren artean esaterako, 60.000 euroko aldea dago urteroko batez besteko errentari erreparatuta. Lehenengoan, batez bestekoa 84.000 eurotik gorakoa da eta Zarrakaztelun, ostera, 24.000 eurokoa. Bestalde, Ergoienan batez bestekoa 57.000 eurokoa da.

Bizkaiari dagokionez, 55.000 euroko aldea dago Getxoko familien eta Sestaokoen artean. Mungiako Laukariz auzoko familia-etxeen batez besteko hileroko errenta 68.000 eurokoa da eta Trapagarango auzo batzuetakoa, ostera, 22.000 euro ingurukoa.

Araban, Arratzua-Ubarrundia da udalerririk aberatsena, ia 48.000 euroko batez besteko errentarekin, Aramaioren aurretik (46.000 euro urtean, batez beste). Txanponaren beste aldea dira Lantziego eta Lapuebla de Labarca. Bi udalerri horietako familiek 25.000 euro inguruko diru-sarrerak dituzte urtean.

Gipuzkoan, Goierriko bi udalerri txikitako familia-errentak nabarmentzen dira: Arama (55.000 euro batez beste) eta Gabiria (51.000 euro batez beste). Esaterako, Hondarribiko familiek 46.000 euroko diru-sarrerak dituzte batez beste, Trintxerpen (Pasaia), 23.000 euro, eta Hernanin, 26.000 euro.

Hiriburuetako datuei erreparatuz gero, Gasteizen 33.000 euroko errenta dute familia-etxeetan. Bilbon desberdintasunak izugarriak dira. Casilda parkearen inguruko etxeetan 89.000 euro inguruko diru-sarrerak dituzte eta Otxarkoagako barruti batzuetan 14.000 ingurukoak. Donostian ere arrakala handia da: Aieten daude familia aberatsenak, 89.000 mila euroko diru-sarrerekin, eta Altzan txiroenak, 24.000 euroko errentarekin. Amaitzeko, Iruñean, Iruñeko Zabalguneko familiek urtean bataz beste 84.000 euro irabazten dituzte eta Arrotxapeakoek, ostera, 23.000 euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñeko bideoak Euskal herriak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE albisteak Gizartea albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Soldatak gaur Gorbeialdea albisteak