Ekonomia -

Soldata igoera

EAEko langile publikoek % 0,25 gehiago kobratuko dute hilabete honetatik aurrera

Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran onetsi du igoera. Atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, hau da, aurtengo uztailetik aplikatuko da.

Igoera irailean sartuko da indarrean. EFEren artxiboko irudia
Jendea Bilboko kale batetik igarotzen.
Igoera irailean sartuko da indarrean. EFEren artxiboko irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak EAEko langile publikoen beste soldata igoera bat onartu du gaurko gobernu bileran. Zehazki, % 0,25ekoa izango da igoera, eta irailean bertan sartuko da indarrean.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan zehaztu duenez, igoerak atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, hau da, aurtengo uztailaren 1etik aplikatuko da.

Neurriak EAEko Administrazio Orokorrean, Segurtasun Sailean, Justizian eta Osakidetzan lan egiten duten 70.000 pertsona ingururi eragingo die. Zehaztu duenez, erabakiak 5,5 milioi euroko inpaktua izango du aurrekontuan. Azken soldata igoera horri otsailean onarturiko % 2,25ko igoera gehitu behar zaio.

"2019an langile publikoen soldata % 2,5 igotzeko konpromisoa bete dugu, hain zuzen ere, hori gauzatzeko oinarri juridiko sendoa eduki dugunean aplikatu dugu igoera", gaineratu du.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak igo egingo du langileen Itzarri pentsio planera egindako ekarpena, % 1,5, hain justu. Erkorekaren esanetan, dagoeneko neurria jakinarazi diete sindikatuei, eta hurrengo gobernu bilera batean onartuko da, urtea amaitu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lansariak